Martxan da gazteentzako 10. Donostia Kultura Poesia Lehiaketa
Sara Uribe-Etxeberria poeta, 2025eko Donostia Kultura poesia lehiaketa irabazi berritan. Xalba Ramirez Balea Zuria argitaletxeak eta Donostia Kulturak indarrak batu dituzte, berriro ere, euskarazko sorkuntza poetikoa sustatzeko; hala, 10. Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren deialdia ireki dute. Idazle gazteen talentuari bultzada ematea du helburu sariketak, eta abenduaren 31ra arte jasoko ditu etorkizuneko poeten lanak.
Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi idazleek osatuko dute aurtengo epaimahaia. Jasotako lan guztiak aztertu ondoren, 2027ko martxoaren 12a baino lehen jakinaraziko dute nor den irabazlea. Kalitate nahikorik ez balego, saria eman gabe uzteko eskumena izango dute.
Sari erakargarriak
Lehiaketak sormenari ateak irekitzeaz gain, bultzada profesional garrantzitsua eskaintzen dio irabazleari, sari hauek emanez: 1.000 euroko diru saria; Imanol Larrinaga artistaren margolan bat; lanaren argitalpena Balea Zuria argitaletxearen eskutik, ohiko egile eskubideekin eta epaia eman eta lauzpabost hilabeteko epean eta, amaitzeko, 2027ko ekainean egingo den Poesia eta Pentsamendua errezitaldian parte hartzeko gonbidapen zuzena.
Parte hartzeko baldintzak
Egile berriei zuzendutako deialdia izanik, hautagaiek honako irizpide hauek bete beharko dituzte:
- Lanak aurkezteko unean, egileak adin nagusikoa izan behar du, baina 35 urte bete gabe eduki behar ditu.
- Poesia bildumek gutxienez 600 eta gehienez 1.000 bertso lerro izan beharko dituzte. Gaia, errima eta neurria erabat libreak izango dira.
- Testuek euskarazkoak, bakarka sortuak, argitaratu gabeak eta beste inon saritu gabeak izan behar dute. Gainera, antolakuntzak berariaz debekatu du Adimen Artifizialaren bidez sortutako testuak aurkeztea; arau hau hautsiz gero, saria itzuli beharko litzateke.
Lanak formatu digitalean soilik onartuko dira. Parte hartzaileek dkpoesialehiaketa@donostia.eus helbidera idatzi beharko dute bi dokumentu erantsiz: poesia bilduma bera, PDF formatuan eta izenburuarekin (egilea nor den salatu dezakeen daturik gabe) eta egilearen datu pertsonalak (izen-abizenak, helbidea, telefonoa, e-posta) eta NANaren fotokopia biltzen dituen agiria.

