Minbiziaren Aurka Gipuzkoan: gaixotasunaren bidean laguntzaile
Alan Bacaicoa, Jon Madinabeitia eta Igone Larruskain, elkarteko langileak.Minbiziaren Aurka Ikasturtea hastearekin batera, askorentzat errutinara itzultzea eta ohiko martxa berreskuratzea izaten da. Baina minbizia diagnostikatu zaien pertsonentzat, egunerokoa bestelakoa da. Tratamenduak, ebakuntzak, zalantzak eta beldurrak tarteko, askotan ez da erraza jakitea nora jo edo zer egin. Horregatik, Minbiziaren Aurka Gipuzkoa elkarteak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu pazienteei eta haien familiei prozesu horretan laguntzeko. Gainera, arreta guztia doakoa da, eta ez da beharrezkoa elkarteko bazkidea izatea.
“Ohikoak” direla pentsatzen ditugun zerbitzuez harago, pazienteentzat lagungarri diren bestelakoak ere badituzte. Azken hilabeteetan fisioterapia zerbitzua ere jarri dute martxan, esaterako. Alan Bacaicoa fisioterapeutak zortzi hilabete daramate zerbitzua, eta bere lana tratamenduen eta ebakuntzen ondorioz sortutako mugikortasun arazoak eta ezintasunak lantzea da. “Paziente bakoitzaren egoerara egokitzen da tratamendua: batzuetan saio bakarra nahikoa izan daiteke, hezkuntza eta gomendioekin; beste kasu batzuetan, berriz, bost edo hamar saio behar izaten dira”. Zaurien inguruan nola mugitu, mina nola kudeatu edo mugikortasuna nola berreskuratu bezalako alderdiak lantzen dituzte.
Bacaicoaren arabera, paziente asko “nahiko galduta” iristen dira elkartera. Minbiziaren diagnostikoa kolpe handia da, eta ospitalean jasotzen den informazio eta tratamendu kopuruaren artean, errehabilitazioa, askotan, buruan izaten den azken gauza izaten d . Hori dela eta, Bacaicoaren ustez, ahalik eta azkarren mugitzen hastea garrantzitsua da. “Mugimendua osasuna da”, azaldu du. Izan ere, kimioterapiak edo beste tratamenduek mina, “oreka arazoak edo esku eta hanketako sentikortasun alterazioak eragin ditzakete”, eta horiek guztiek eguneroko bizitza nabarmen alda dezakete.
Ariketa fisikoaren garrantzia
Ariketa fisikoak ere gero eta garrantzi handiagoa du minbiziaren tratamenduan. Igone Larruskain elkarteko kirol hezitzaile fisikoak azaldu duenez, pazienteekin tratamenduaren “aurretik, bitartean eta ondoren” lan egiten dute. Helburua, besteak beste, “pazientea ebakuntzara ahalik eta indartsuen iristea eta ondorengo mugikortasuna berreskuratzea” da. “Indarra lantzea” funtsezkoa da, eta azaldu duenez, azken urteetan aldatu egin da ebakuntza ondoren atseden hutsa gomendatzeko ideia. Ariketa egokiak, profesionalen jarraipenarekin, bizi kalitatea hobetzen lagun dezake.
Horrez gain, elkarteak erizaintza eta nutrizio zerbitzuak ere eskaintzen ditu. Jon Madinabeitia arlo biosanitarioko koordinatzaileak azaldu du taldean profesional desberdinak elkarlanean aritzen direla, paziente bakoitzaren beharrei modu pertsonalizatuan erantzuteko, baina taldean: “Kirol hezitzaile, erizain, fisioterapeuta eta nutriziogileak elkarrekin egiten dugu lan, pazientearen beharrei osotasunean erakusteko”. “Erizaintzak hasierako balorazioa egiten du, eta nutrizioaren zein ariketa fisikoaren inguruko beharrak identifikatzen dira”, azaldu du Madinabeitiak. “Nutrizioaren alorrean, esaterako, tratamenduek eragindako albo ondorioei aurre egiteko pautak eta gomendioak eskaintzen dituzte”.
Azken batean, Minbiziaren Aurka Gipuzkoaren helburua argia da: gaixotasuna dagoen arren, pazienteen bizitza ahalik eta errazena egitea. Eta laguntza profesionalaz gain, elkarteak badu ekarpen bat, zenbatzeko zaila dena: “Prozesu bera bizi duten pertsonekin partekatzea”. Azaldu dutenez, minbizia izan duten beste pertsonekin partekatzeak “izugarrizko abantailak” ekartzen ditu, psikologikoki, batez ere. Ezezagunak zirenak lagun bihurtzea ere bada, askotan, gaixotasunaren bidean aurrera egiteko beste modu bat.

