Badatoz Porrontxoak, tradizioa eta inklusioa zainduz
Orgak apainduta eta mozorroak jantzita, Egian zehar ibiltzen dira kuadrillak Porrontxoen lehen egunean. Musikaz, jendez, algaraz eta urez –bizilagunek leihotik behera botatzen dutena– betetzen dute Egia jaiei hasiera emateko.
Jai batzordeko lau kide, aurtengo egitarauaren kartelarekin. Porrontxoetako jai batzordea Aurten irailaren 14tik 20ra artean ospatuko dira Porrontxo jaiak. Hala ere, egun horietatik at ere egitaraua badute: hilaren 25ean, jaiak amaitu ondorengo ostiralean, Azkena eta bagoaz! eguna antolatu du jai batzordeak. Trapu Zaharra antzerki taldeak erretiroa hartu aurretiko azkeneko ikuskizuna egingo du eta Lasombradelflaco taldearen kontzertua ere egongo da, bi jarduerak Iruresoro plazan izango dira. Jaietako egitarau osoa hemen daukazue.
Jai batzordea otsailean hasi zen antolatzen Patri Bengoetxea Gondat jai batzordeko kideak adierazi duenez, eta aldaketa tekniko asko egin dituzte. Azken urteetan prezioen igoera sumatu dela eta, lanketa handia egin dutela azaldu du Bengoetxeak: txosnetan ez da hainbeste kontsumitzen, beraz, dirua lortzeko beste bide batzuk probatuko dituzte; kamisetak saltzea, kasu.
Trebeska: 50 urteren aitortza
Trebeska Dantza Taldea haren 50. urteurrena ospatzen ari da aurten, horregatik agertzen da aurtengo Porrontxoen kartelean bi erraldoiez eta ikurrinaz lagunduta. Hori soilik ez, Trebeska izango da jaiei hasiera ematen dien txupinazoa botako duena.
Dantza taldeak Egiari «ekarpen handia» egin dio eta «gure kulturaren transmisiorako tresna garrantzitsua» da Bengoetxeak azaldu duenez. Transmisio hori eta taldeak egin duen lanari aitortza egiteko omendu dute dantza taldea. Sorpresa bat ere prestatu dute, ez dute zer izango den azaldu nahi, baina gonbita egin dute: larunbatean, hilak 19, Plaza Haundin.
Denentzako egitaraua
Aurten Egiako ikastetxeekin elkartu da jai batzordea: Aitor Ikastola, Maria Reina eta Zuhaizti –Egia eta Gros arteko muga trenbidean jartzen dute–. Haiek ere jaien parte izatea nahi dutela azaldu du jai batzordeko kideak, eta egindako bilerak harrera ona izan zuela gaineratu du.
Transmisio hori eta taldeak egin duen lanari aitortza egiteko omendu dute Trebeska Dantza Taldea
Keinu hizkuntzak ere badu bere txokoa Porrontxoetan. Ez da lehenengo urtea egitarauan keinu hizkuntzan egiten diren jarduerak daudena, baina aurten egitaraua bera ere keinu hizkuntzan zabaldu nahi dutela jakinarazi du jai batzordeak. Horretarako, bideoren bat prestatzen ari direla ziurtatu du jai batzordeko kideak: «Oraindik ez dakigu zenbat izango diren».
Enduro ere berriro egingo dute aurten, baina Porrontxoetako unerik bereziena, ordea, jaiei hasiera ematen dien jaitsiera dela baieztatu du Bengoetxeak, momentu hori «zalantzarik gabe politena» dela adieraziz. Hilabeteetan egindako lanaren fruituak ikusten hasten diren momentu hori, kuadrillak, mozorrotuta eta orgekin, auzoan barrena ibiltzen dira Porrontxoak hasi direnaren berri ematen.

