Kronopioak eta famak afari solidario batean
Kronopioak ez dira pertsona errazenak, zeren, noski, arazo bat dute: gizakiak dira. Julio Cortazarrek deskubritu zituen Parisko zinema batean, airean hegan. Ordutik, hamaika pasadizo jaso zituen, fama eta esperantzak elkar ispilu egiten ageri direnak.
Kronopioak dira builosoak, berdeak, beti saltoka eta askotan dantzan. Galdetzen dute: «Aizu lagun, zer moduz, bazkaldu al duzu, laguntzarik behar?». Eskaintzen dizute beraien etxea, nahiz eta askotan ez duten etxerik, eta bukatzen duzu zerura edo itsaso zabalera ematen duen ate imajinario batean, Ongi etorri jartzen duen alfonbratxo batean, oinak garbitzen, zapatarik ezin delako eraman ez-etxe batera, noski.
Famek, berriz, hitz egiten dute famen artean, baina ez beste inorekin. Hitz ponposoak erabiltzen dituzte, esaten dute croissant, lankidetza, internationalfilmfestival, solidarioenak. Esaten dute «klase ertaina», zeinez ari diren oso argi egon gabe. Baina kontua da ez dutela beste inorekin hitz egiten, ezta hitz egin nahi ere, eta gero –ai, famak!– esaten dute: «Nortzuk zarete zuek? Zergatik nahi duzue bizi gure hirian? Ez zapaldu nire alfonbra!» Eta nahasten dute jendea eta lurzorua. Eta batzuetan, gehienetan, gauzak ONDO egin nahi dituztela esan eta gauzak ONDO izorratzen dituzte.

