Maria Elena Arizmendi: ikusi eta ikasi
Maria Elena Arizmendiren alaba, Maria Elena Iribarren aritu zen hitzaldian hizketan.Maddi Viana San Telmo Museoko areto nagusia ia beteta zegoela, Xabier Mendizabalek aipatu zuen normalean halako hitzaldietara ez dela hainbeste jende joaten. Asteazkenean, hilak 9, aretora jende dezente sartu zen, ordea. Betaratzeagatik eskerrak eman ondoren, Maria Elena Iribarren aurkeztu zuen. Maria Elena Arizmendi Amiel dantzariaren alaba da Iribarren eta bere amaren bizitzaren inguruan hitz egin zuen.
Amak egindakoak oroitzeak hunkitu egiten duela aitortu zuen Iribarrenek, hala, amaren bizitzaren nondik norakoak azaldu zituen pasadizo eta argazki artean. Euskal jantzien inguruko lanik “luzeen eta landuena” Arizmendik egin zuela aipatu zuen haren alabak. Done Jakue bidera joaten ziren dirudunek marrazkilariak eramaten zituzten haiekin, Iribarrenek azaldu zuenez, eta horiek baliatu zituen amak haren ikerketa egiteko.
Iribarrenek ere kontatu zuen, txiki-txikitatik zuela amak dantzatzeko abilezia. Behin, Arizmendik sei urte inguru zituenean, haren amak kasinora eraman zuen –amek tea edan artean haurrak ondoko gelan egoten zirela gogoratu du Iribarrenek–. Arizmendi, ordea, charleston txapelketa bat zegoenaz konturatu, eta parte hartzea erabaki zuen. “Ez zen haurrentzako txapelketa” aipatu zuen Iribarrenek, amak aurretik charlestona inoiz dantzatu ez zuela gehituz, “baina irabazi egin zuen”, gaineratu zuen barre artean.
Iribarrenek irribarrez oroitu zuen amak dantzatutakoak ez dituela entzunak soilik, ikusitakoa ere badela. Arizmendiren mugimendua, zalutasuna, indarra, sen musikala eta memoria “zinematografikoa” –fotografikoa baizuen, baina alabak haratago eraman du kontzeptua, amak zuen gaitasuna goraipatuz–, izugarriak zirela baieztatu zuen Iribarrenek. Dantzaldi bat behin ikusi eta ondoren inolako arazorik gabe gogoratzen zuen, baita dantzatu ere.
“Ez zen haurrentzako txapelketa, baina irabazi egin zuen”
Maria Elena Iribarren, Arizmendiren alaba
Donostia eta Irun artean mugitu zen familia, baita Madrilera joan ere Iribarrenen aitaren lana medio. Aurretik baina, Arizmendik Parisera dantzatzera joateko gonbita ere izan zuela aipatu zuen Iribarrik. Enpresari batek Arizmendi dantzatzen ikusi ondoren, mundu mailan ezagutara eman nahi zuen dantzaria, berak, ordea, ezetz esan zuen. “Amagatik” azaldu zuen Iribarrenek, alargun geratua eta beste bi semerekin, ez zuela ama bakarrik utzi nahi eta ez zuela Parisera joan nahi. Alabak, irribarrez gaineratu zuen, garai horretan hasi zutela gurasoek erlazioa, eta horrek ere eragina izan zuela uste du.
Amaierara iritsita, amak hainbat dantzari eta apaizekin izandako laguntasunak aipatu zituen Iribarrik. Donostian irakasle ere ibili zela gogorarazi zuen, “bere nazareteko neskekin”, haien irakaslea izan zenean berreskuratu zuen batelarien dantza. Arizmendik batelariek zortzikoa dantzatzen zutela bazekiela azaldu zuen Iribarrenek. Lagun txistulari baten laguntzaz, batelarien zortziko dantza sortu zuen, galdutako dantzan egiten zitzazketeenak omenduz.
Hala dantzatzen da gaur egun batelarien dantza, Pasai San Pedron adibidez urtero dantzatzen dute. Emakume horietako batzuk ere bertaratu ziren hitzaldira. Hurrengo egunean ere Donostiako Udaleko areto nagusian dantzatu zuen Kresala Dantza Taldeak, Arizmendiri egindako omenaldian.


