Elkarretaratzea antolatu dute Egiako «eraso arrazista» salatzeko
Donostiako Harrera Sareak ostegunean, eguerdiko 12:00ak inguruan, egun argiz, Mandasko Dukearen pasealekuan gertatutako “eraso arrazista” salatu nahi du. Elkarretaratzea antolatu dute astelehenean, hilak 14, 19:30ean.
Pertsona migratzaile bat eraikin baten aurrean eserita zegoen balkoi batetik konprimitutako aireko arma batekin tirokatu zutenean. Hiru tiro jaso zituen: bi bizkarrean eta bat masailean. Osasun arreta jaso behar izan zuen zaurien ondorioz.
Hilabete gutxitan horrelako bigarren erasoa da jatorri migratzaileko pertsonen aurka. Uda honetan, Parte Zaharreko balkoi batetik, pertsona bati tiro egin zioten bizkarrean. “Donostian pertsona migrantzaileekiko gorrotoa urrutiegi iristen ari da. Ezin ditugu eraso hauek normalizatu, are gutxiago beste alde batera begiratu”, salatu dute.
SOS Arrazakeria: “Ez da bizikidetza arazo bat”
SOS Arrazakeria Gipuzkoak oso larritzat jo ditu gertatutakoak, eta arrazakeriarekin dagoen arazoa aspalditik datorrela argudiatu du. Salatu dutenez, honakoa ez da “bizikidetza” arazo soil bat, arrazakeria eta segurtasunaren inguruko diskurtsoek haizatutako eraso larri bat baizik.
Donostiako Udala kritikatu du segurtasunaren inguruko bere iritziengatik, eta honakoak eskatu dizkiete udalari eta Poliziari: gertakariak “sakon ikertzea eta erantzulea identifikatzea; motibazio arrazista edo xenofoboa duen argitzea; gorroto intzidentzien aurkako udal protokoloa aplikatzea; erasoa jasan duen pertsonari arreta eta babesa bermatzea; arrazakeriari eta bazterkeriari aurre egingo dioten politika publikoak garatzea, “pertsona migratzaileen kriminalizazioa elikatu beharrean”.
EH Bildu eta EHKS-k ere salaketa
Egiako EH Bilduk ohar bat argitaratu zuen “irmoki” salatuz gertatutakoa: “Egia auzo abegikorra da eta izaten jarraituko du”. Honelako ekintza “errakzionarioen” aurrean erantzuteko deia egin du, eta “bizikidetzaren aldeko” auzoa aldarrikatu du.
Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere gogor salatu du gertatutakoa, eta “batzuek apuntatu” eta beste batzuek tirokatu egiten dutela salatu dute, eskuin muturraren diskurtsoak salatuz. Honela, Ceutako egoerarekin lotu dute gertatutakoa, non migratzaileen kontrako diskurtsoez gain, erasoak areagotu egin diren. Faxismoari aurre egiteko deia egin dute.
Ez Ertzaintzak ez udalak ez dute gertatutakoaren berri eman
Ostegun eguerdian izan zen tiroketak hautsak harrotu ditu donostiarren artean, batez ere sare sozialetan zabalduz gertatutakoa. Gertakaria gertatu eta 72 ordutara, ordea, ez Ertzaintzak, ez Udaltzaingoak, ezta Donostiako Udalak ere oraindik ez dute gertatutakoaren berri eman.
[Eguneraketa] Astelehenean, udaleko iturriek azaldu dute ikerketa Ertzaintzak daramala eta Udaltzaingoan ez dutela salaketarik jaso: “Ertzaintzaren ikerketaren zain gaude, gertakarien nondik norakoak ezagutzeko”.

