Ernai: «Faxismoari alternatiba integral bat eraiki behar diogu»
Milaka gazte batu dira gaur Donostian Ernaik antolatutako manifestazioan independentzia aldarrikatzeko eta faxismoaren kontra egiteko.
Ernairen manifestazioa, Okendo kalera sartzen.Xalba Ramirez Ernairen kongresuan Euskal Herriarekiko eta gazteriarekiko bi konpromiso hartu zituztela gogorarazi du Amaiur Egurrola bozeramaileak Donostian, estropada egunez egindako manifestazioan. “Konpromisoa muturreraino eramango genuela esan genuen, eta betetzen ari gara”, adierazi du. Azken hilabeteetan kalean egindako mobilizazioak aipatu ditu, besteak beste, “ikur frankisten aurkako ekimenak, txandak eta manifestazioak”, eta nabarmendu du “garaiari tamainako erantzuna” emateko konpromisoa dutela.
Egurrolaren hitzetan, “ez dira garai errazak”: mundua “arian-arian eta biziki” aldatzen ari da, eta “kapitalaren metaketa ereduaren amaierak” eredu berri “bortitzago eta gogorrago” baterako bidea ireki du. Egoera horren aurrean, “atsekabea nabaria” dela esan du, eta gakoa aldaketaren norabidean eta hura gidatuko duen subjektuan dagoela azpimarratu du. “Olatu erreakzionario bat” ari dela zabaltzen salatu du, neofaxismoarekin eta diskurtso arrazista, xenofobo eta transfoboekin batera. Donostiako egoera ere izan dute hizpide eta KASen auzia ekarri du gogora Egurrolak: «Elkartasuna ez dela delitua» aldarrikatu du, eta Jon Insaustiren kriminalizazioa salatu du.
Euskal Herriak “aske, sozialista, euskaldun eta feminista” izateko aukera duela defendatu dute Ernaikoek, eta faxismoari aurre egiteko, “alternatiba integral bat” eraiki beharra nabarmendu du: “Zeren aurka gauden ez ezik, zeren alde gauden, zer ari garen eraikitzen eta gure bidea zein den” zehaztu behar dela esan du. Horren harira, faxismoaren biktimei ere egin die erreferentzia, Aitor Zabaletaren eta Federico Aranbururen senideei ez ezik, faxismoaren biktima guztiei elkartasuna adieraziz.
Amaitzeko, “badugu esperantzarako arrazoirik”, esan du Egurrolak, «”milaka garelako” eta Euskal Herrian azken urteetan metatutako “indar askatzaile izugarria” dagoelako. Haren arabera, “mundua erreakziorantz badoa ere, Euskal Herria beste mundu baten aldeko itsasargia” izan daiteke.
Ernaik datozen hilabeteetan aurkeztuko duen proposamen politikoa aurkezteko baliatu du manifestazioa Egurrolak. Ez dutela “galdera guztientzako erantzunik” aitortu du, baina bederatzi aldarrikapen eta konstatazio bat mahai gainean jartzeko prest agertu da, “borrokatzeko eta batera egiteko”: “Desesperantzaren eta basakeriaren aurrean tresna izan nahi dugu, gure belaunaldiaren askatasunaren alde urrats berriak egiteko”.
[flickr_ser id=”72177720335604833″]

