Askatuak Gipuzkoa Basketen iragana, oraina eta etorkizuna
Askatuak Gipuzkoa Basketen eta Estudiantesen arteko lagunartekoan egindako omenaldia, Gaskan.Askatuak Gipuzkoa Basket 25. urteurreneko ospakizun berezienetakoa egin zuen atzo Askatuak Gipuzkoa Basketek. Hain zuzen ere, mende laurdena bete du Gipuzkoa Basketek —Askatuak klubarekin bat egin berritan—, eta lagunarteko partida esanguratsu bat jokatu zuten atzo, Jose Antonio Gaska kiroldegian. Estudiantesen aurka aritu ziren, eta galdu arren (67-84), klubari eta gaur egunera arte gidatu dutenei aitortza egiteko aprobetxatu zuten.
Gipuzkoa Basketen historiaren parte izan diren hainbat belaunalditako protagonistak elkartu zituzten. Horrela, neurketa hasi aurretik, klubak jokalari eta entrenatzaile ohi batzuk omendu zituen: Mikel Odriozola, Lolo Encinas, Aitor Uriondo, Jaume Ponsarnau, Mikel Motos, Jon Santamaría, Javi Salgado, Julen Olaizola, Ricardo Uriz, Mike Carlson, Sergi Vidal, Manex Ansorregi eta Aitor Zubizarreta.
Era berean, partidaren atsedenetako batean, klubeko presidente kargua utzi berri duen Nacho Ibañez omendu zuten. Iñaki Almandoz Askatuak-eko presidenteak, Andoni Huegun presidente ordeak eta Jose Mari Zumalde sortzaileetako batek, makila bat eman zioten Ibañezi, Gipuzkoa Basketek buru izan zen garaiaren eta egungo Askatuak Gipuzkoa Basketeraino egindako bidearen errekonozimendu gisa.
Lagunartekoari dagokionez, Sergio Garcia entrenatzaileak denboraldiaurrearen testuinguruan kokatu zuen. Taldea eraikitzen jarraitu eta horrelako partidak hazten jarraitzeko baliatu behar dituztela adierazi zuen.
Presidente aldaketa
Aipatu moduan, Nacho Ibañezek Askatuak Gipuzkoa Basketeko presidente izateari utzi dio, eta haren lekua Jose Antonio Ibiriku presidenteordeak hartu du. Nuñez zazpi denboraldiz izan da klubaren presidentea, eta hazkundeak, egonkortasunak eta proiektuaren eraldaketak markatutako etapa bat itxi du.
Baliabide ekonomikoen kudeaketa ordenatua, kirola sendotzea, 3×3 modalitatearekin proiektua zabaltzea, Gipuzkoako talentua garatzearen aldeko apustua eta lurraldeko saskibaloiarekin loturak estutzeko borondatea izan dira bere presidentetzaren ardatz nagusietako batzuk.


