Bihar irekiko dute Morlanseko tunel berritua
Morlanseko tunel berritua.Donostiako Udala Lugaritz eta Morlans lotzen dituen 1,4 kilometroko tunela erabilgarri egongo da berriz ere asteazkenetik aurrera, hilak 15, pasabidea eraberritu eta oinezkoen zirkulaziorako egokitzeko lanak amaitu ostean. Orain arte bizikletentzat soilik zena, espazio partekatua izango da aurrerantzean.
Tunelak dituen 4,20 metroko zabalerari etekina atera diote; bidegorriaren bi alboetan metro bateko zabalera duten espaloiak egin dituzte, eta, erdialdean, 2,2 metroko bidegorria mantendu dute.
Segurtasuna eta hobekuntzak
Zirkulazioa egokitzeaz gain, azpiegitura bera hobetzeko eta babesteko neurriak hartu dituzte garbiketan eta zaintza sisteman; izan ere, hormetako asfaltozko oihal iragazgaitza presiozko uraren bidez sakon garbitu dute, eta tunelaren giltzarritik esekitako erretilu batean 35 kamera eta 20 bozgorailu jarri dituzte. Segurtasun sistema hori udaltzaingoak kontrolatuko du.

