Donostiako EAJk bere proposamen politikoa landu du, bost hilabeteko elkarrizketa saioan
Jon Insausti, hainbat alderdikiderekin batera.Donostiako EAJ Hauteskundeetarako martxa sartuta daude Donostiako alderdiak hautagai eta proposamenak aurkezten. Donostiako EAJk bost hilabeteko elkarrizketa eta entzute prozesuaren emaitza aurkeztu du berri du, hiriko etorkizunerako “ikuspegi partekatu” bat lantzeko asmoz. Guztira, hamar lantalde osatu dituzte eta 140 alderdikidek hartu dute parte. Azaldu dutenez, 500 gizarte eragileri parte hartzeko gonbita egin diete, eta 235 ekarpen jaso dituzte.
Proposamenak etxebizitza, osasuna, migrazioa, segurtasuna, turismoa, gizarte politikak, euskara eta kultura, kirola, ekonomia eta mugikortasuna bezalako gaiak jorratzen ditu. EAJk azpimarratu du ez duela ondorio itxirik aurkeztu nahi izan, baizik eta etorkizuneko udal politikak elikatzeko galderak eta proposamenak mahai gainean jarri. Besteak beste, etxebizitza eskaintza handitzea, etxebizitza babestua sustatzea, turismoa ordenatzea eta mugikortasun jasangarria bultzatzea proposatzen ditu EAJk.
Jon Insausti Donostiako alkateak prozesuaren balioa nabarmendu du, eta “entzutea” beste ikuspegi batzuk onartzeko eta erabaki bihurtzeko prest egotearekin lotu du. Haren esanetan, helburua Donostia “Europako hiri oparo eta aurreratuenen artean” kokatzea da. EAJren planteamenduak, beraz, elkarrizketa, akordioa eta gizartearen parte hartzea ditu ardatz. Hala ere, dokumentuak proposamen ugari jasotzen dituen arren, oraindik ez dago argi zein neurritan eta zein eperen barruan bihurtuko diren horiek guztiak udal politika zehatz.
Arlokako proposamen orokorrak
Ekarpenek etxebizitza eta ongizatea dituzte ardatz nagusi: etxebizitza eskaintza handitzea, etxebizitza babestua eta alokairua sustatzea eta gazteen emantzipazioa erraztea proposatzen da. Osasunaren ikuspegi zabala, migrazioaren kudeaketa eta gizarteratzea, segurtasunean “prebentzioa” eta “irmotasuna” uztartzea eta turismo eredu “ordenatuago” eta “jasangarriago” baten alde egitea ere jasotzen dira.
Bestalde, gizarte politiketan eta indarkeria matxistaren aurkako prebentzio eta babes neurrietan sakontzea, euskara eta kultura sustatzea, kirola gizarte kohesiorako tresna gisa indartzea eta ekonomia, industria eta enplegua bultzatzea proposatzen du agiriak.

