Frankismoaren biktimak omendu ditu udalak, tropa faxistak hiria hartu zutenetik 90 urtera
Frankismoaren biktimei omenaldia eta lore eskaintza.Donostiako Udala Donostiako Memoria Historikoaren Egunaren harira, Donostiako Udalak lore eskaintza egin du gaur goizean, frankismoaren biktimak oroitzeko eta omentzeko. Eguna, berez, irailaren 13a da, baina aurten igandearekin egokitu da, Kontxako Banderako azken jardunaldiarekin, eta astelehenera, hilaren 14ra, aldatu da. Ekitaldia 11:00etan izan da, Dual eskulturaren aurrean, Ijentea kalean.
Bertan izan dira Jon Insausti alkatea, Arantxa Lopez Oroimen Historikoko zinegotzia eta Udalbatzaren ordezkariak, Oroimen Historikoaren Kontseilu Sektorialak deituta, memoria elkarteekin, erakundeen ordezkariekin eta herritarrekin batera.
Irailaren 13ko datak gogora ekartzen du 1936an tropa frankistak Donostian sartu zirela eta “askatasun demokratikoen hausturak, errepresioak eta eskubideen urraketak markatutako etapa bat hasi zela”. Modu horretara, udalak “bizirik mantendu nahi du” Espainiako Errepublikaren aurkako kolpearen eta ondoko diktaduraren ondorioak jasan zituzten pertsonen oroitzapena.
Lore eskaintza izan da jardunaldiaren ekitaldi nagusia, eta giro solemne eta errespetuzkoan joan da. Omenaldian, Euskal Herriko Gazte Orkestrako musikariek eta txistularien udal taldeak ere hartu dute parte.
Donostiako Udalak eta Oroimen Historikoaren Kontseilu Sektorialak sustatu dute ekitaldia, eta herritarrei eta erakundeei zuzendutako jarduera programa baten parte da, biktimak gogoratzeko, haien memoria babesteko eta hiriak memoria demokratikoarekin duen konpromisoa indartzeko. Udalak omenaldia egin nahi izan die, halaber, 1936ko kolpe militarraren ondorioz eta diktadura urteetan “jazarpena, indarkeria, errepresioa eta erbestea” jasan zuten pertsona guztiei, bai eta haien senideei eta memoria berreskuratzeko eta transmititzeko lan egin dutenei ere.


