Hamaika metroen penalizazioa jaso du Realak
Mutilen taldeak ezin izan du Atletico Madril gainditu Anoetan, eta neskek berdindu egin dute Zubietan. Aldiz, Bera Berak garaipen garrantzitsua lortu du Malagan.
Realaren eta Atleticoren arteko partida, Anoetan.Reala Epaileen boterea eta arauzko betebeharra maila berekoa behar luke kirol profesionalean, baina maiz ez da horrela izaten. Galtzean epaileari errua botatzearen aitzakiak ez du balio futbolean, gero eta maizago. Realeko mutilen taldeak hiru jardunaldi daramatza zalantzazko kontrako erabakiak pairatzen. Atzo ere horrela gertatu zen Anoetan, Atletico Madrilen kontrako partidan.
Apirilaren 18ko finala eta kopako garaipena gogoan, arerioari aurre egiteko gogotsu zeuden txuri-urdinak. Partida txukuna jokatu zuten, Martinez Munuera epaileak balantza desorekatzea erabaki zuen arte. Espainiarren aldeko penalti zalantzagarri bat adierazi zuen, errebote bidez baloiak besoan jo ziolako Jon Ochieng gazteari. Oparia ederki probestu zuten, Remiro ez delako Marrero hamaika metroetako jaurtiketak gelditzerakoan. Ordutik aurrera, Realak amore eman zuen, eta Atletico Madrilek beste bi gol egin zituen, gehiegizko porrotera iritsi bitarte (0-3).
Ordea, galera okerragoak badira, eta minutu bateko isilunea egin zuten zendu berri den Mitxelo Olaizola klubeko langile maitatuaren omenez. Realeko mutilek atseden hartzeko betarik ez dute izango, ostegunean Europa ligako lehen partida jokatuko dutela Bornemouth ingelesen aurka, Anoetan (21:00).
Realeko neskei dagokienez, denboraldiko aurreneko puntua batu zuten, azken unean bi galdu arren. Tenerife hartu zuten Zubietan, eta markagailuan kostata aurreratu baziren ere Ania Camporen estreinako golarekin, aurkariek berdintzea lortu zuten (1-1). Hiru neurketa jokatuta, txuri-urdinek ez zuten aurreikusten puntu bakarra izatea. Beraz, Gorka Alvarez entrenatzaile berriak lan asko dauka egiteko.
Eskubaloian, bitik bi garaipen Bera Berarentzat. Dena dela, Malagaren etxean lorturikoak balio handiagoa dauka (17-22). Arerio gogorra da talde andaluziarra, baina donostiarrek asmatu zuten lehen zati txarrak bigarren bikainarekin konpontzen. Alvarez, Etxeberria eta Ishikawa jokalariak izan ziren erabakigarriak sasoiko bigarren garaipena eskuratzeko.
EMAITZAK
Futbola
Gizonezkoen lehen maila, 5. jardunaldia
- Reala 0 – Atletico Madril 3
Emakumezkoen lehen maila, 3. jardunaldia
- Reala 1 – Tenerife 1
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 2. jardunaldia
- Malaga 17 – Bera Bera 22

