Udalak 'MintzaOn' programa jarriko du abian 8 eta 14 urte bitarteko gaztetxoen euskarazko ahozkotasuna lantzeko
MintzaOn.Donostiako Udala Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak MintzaOn eskolaz kanpoko online saioak antolatu ditu, urritik maiatzera bitartean. Aisialdiko jarduera horren helburu nagusia 8 eta 14 urte bitarteko haur eta gaztetxoek euskararen ahozkotasuna giro atseginean lantzea da, eskolatik kanpo euskaraz gustura aritu daitezen.
Programa doakoa da, eta astean behin egingo dute, eskola orduetatik kanpo. Saioek 45 minutuko iraupena izango dute, eta parte hartzaileek etxetik edo haien arduradunek egokitzat jotzen duten lekutik konektatu ahal izango dute. Begirale baten gidaritzapean, gaztetxoak solasean arituko dira hizkuntza jokoen, erronken, musikarekin loturiko ekimenen eta gustuko dituzten bestelako jardueren bidez.
Egitasmoa irekia da euskaraz hitz egiteko gaitasuna duen ororentzat, eta guztira 350 bat parte hartzaile jasotzea aurreikusi du udalak. Gaztetxoak adinaren eta ordutegiaren arabera 5-7 laguneko talde txikitan banatuko dira, dinamizatzaile banarekin; hala, bi aldaera nagusi izango ditu programak: MintzaOn, 8-12 urte bitartekoentzat (LHko 3, 4, 5 eta 6. mailako ikasleentzat) eta MintzaOn+, 12-14 urte bitartekoentzat (DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat).
Izen ematea eta informazio bilerak
Izena emateko epea hilaren 21era arte egongo da zabalik, udalaren webgunean eskuragarri dagoen inkesta betez. Plaza mugatuak direnez, eskaria handiagoa bada zozketa egingo dute.
Gainera, guraso edo arduradun legalentzat online bilerak egingo dituzte hilaren 16an eta 17an. Bilera horietan parte hartzeko ezinbestekoa da hilaren 15a baino lehen izena ematea https://www.donostia.eus/eu/euskara helbidean.
Kerman Orbegozo Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskarako zinegotzi ordezkariak nabarmendu du programak euskara eremu digitalean jarrera aktiboaz erabiltzen erakusten diela gazteei, komunikatzeko eta sozializatzeko gaitasunak garatuz. Azkenik, etxean euskara erabiltzen ez den kasuetan hizkuntza sartzeko modu gisa ere balio duela aipatu du.

