Harritxu Geterentzat izango da 6. Gladys Saria
Harritxu Gete ikertzailea.PUNTUEUS Harritxu Gete Ugarte ikertzaile donostiarrak jasoko du aurtengo Gladys Saria. Gladys del Estal informatikaria gogoratzeko eta ingurune digitalean lanean ari diren emakume gazte euskaldunen lana bistaratzeko sortu zen sari hori.
Epaimahaiaren esanetan, hizkuntza teknologietan egiten duen lanagatik ez ezik, teknologia munduan genero ikuspegia txertatzeko eta emakumeentzat inspirazio iturri izateko erakutsi duen konpromiso irmoagatik ere nabarmendu da Gete.
Euskararen garapen digitala, ardatz
Vicomtech fundazioan egin du bere ibilbide profesional osoa; egun, itzulpen automatikoan eta hizkuntza eredu handietan (LLM) ikertzailea da, eta TANDO-ren moduko proiektuen lider tekniko gisa ari da. Haren ekarpena erabakigarria izan da euskara eremu digitalean kokatzerakoan: Eusko Jaurlaritzaren Itzuli eta Vicomtechen Batua itzultzaileen sorkuntzan eta entrenamenduan lan egin du, egunero 300.000 itzulpen eskaerari erantzuten dieten sistemetan, alegia.
Lan teknikoaz harago, teknologia etikoa sortzea da Geteren beste zutabeetako bat. Itzulpen automatikoek izan ditzaketen genero alborapenak ikertu eta nazioarteko aldizkari zein biltzarretan plazaratu ditu. Era berean, genero berdintasuna sustatzeko ekimenetan aktiboki parte hartzen du: Inspira STEAM programan, mentore eta Emakumeak Zientzian ekimenean, boluntario.
Hilaren 24an jasoko du Getek saria, Santa Teresa komentuan; sari banaketaz gain, hala, proiektu berri bat aurkeztuko dute: EITBk, PuntuEUSek eta EHUko Informatika Fakultateak sustatutako bideopodcast bat. Espazio horrek emakumeek teknologian eta ingurune digitalean duten garrantzia erakutsiko du, haien profil profesionalak eta pertsonalak uztartuz.

