Kalapiek argi kitak banatuko ditu Mugikortasunaren Astean
Kalapie elkarteak antolatutako ikastaroetako bat. Kalapie Gaurtik (hilak 16) hilaren 22ra bitartean, Europako Mugikortasunaren Astea ospatuko da. Garraioak ingurumenean eta bizi kalitatean duen eraginaz jabetzeko kanpaina bat da hori, eta Kalapie elkarteak bere ekarpena egingo du berriro ere, oraingoan txirrindularien araudiaren ezagutzan arreta jarriz.
Donostiako Udalaren laguntzarekin, elkarteak Zenbat dakizu bizikletaren erabilerari buruz? Argitu ezazu kanpaina aurkeztu du aurten. Ekimenaren bidez, donostiarrek bizikleta hirian erabiltzeko arauei eta jardunbide egokiei buruz zer dakiten aztertuko dute, era didaktiko batean.
Opariak, galdetegia erantzuteagatik
Kalapieko ordezkariak hiriko zenbait gunetan egongo dira datozen egunotan. Bertatik igarotzen diren oinezkoei eta bizikletan dabiltzanei galdetegi labur bat egiteko eskatuko diete. Herritarren parte hartzea eskertzeko eta mugikortasun segurua sustatzeko, proba egiten duten lagun guztiek argi kit bat jasoko dute, dohainik.
Gune horietara gerturatzerik ez duten herritarrek ere badute kanpainarekin bat egiteko modua. Kalapiek galdetegia sarean ere eskuragarri jarri du kanpainaren estekaren bidez, edonork bere ezagutza maila etxetik bertatik probatu dezan.
Kanpainaren egutegia eta kokalekuak
Kaleko jarduerak leku eta tarte hauetan gauzatuko dituzte:
- Gaur, hilak 16 (12:00 – 14:00): Santa Katalina zubian eta Kursaal inguruan.
- Hilak 17, asteazkena: Herreran eta inguruetan.
- Hilak 18, osteguna (18:00 – 20:00): Antiguako Zubimuxu parkean.
- Hilak 20, larunbata (11:30 – 13:30): La Perla aurreko plazan.
Elkarteak gogora ekarri du, era berean, jarduera hau ez dela bakarra izango, Donostiako Udalak Mugikortasun Asteko programazio zabala antolatu baitu egun hauetarako.

