Kirol ekintzen kanpainak marka berria ezarri du 9.000 lagunen izen-ematearekin
Kirol ekintzak.Donostiako Udala Donostiako Kirol Ekintzak 2026-2027ko kirol ikastaroen kanpainak denboraldi berriari ekin dio, eta parte hartzeak gora egin duela jakinarazi dute. Dagoeneko ia 9.000 lagunek eman dute izena Donostia Kirolaren ikastaroetan, 2025ean baino %10gehiagok. Azken bi urteetan, parte hartzaileen kopurua %25 hazi da, eta, horrela, kirol kanpaina honen goranzko joera sendotu da.
Denboraldi honetako programazioak 73 kirol modalitatetako 1.601 ikastaro biltzen ditu, adin eta maila guztietako pertsonei zuzendutako proposamenekin. Ikastaroak datorren irailaren 21ean hasiko dira eta ekainaren 12ra arte luzatuko dira.
Hazkundea bereziki nabarmena da programatutako jarduera batzuetan. Hala, Circuit Training jarduerak %17ko igoera izan du, eta Total Body-k %27koa. 65 urtetik gorakoentzat zuzendutako jardueren bilakaera ere nabarmentzen da; horietan, parte-hartzea %21 hazi da.
Eskari handiena duten jardueren artean daude helduentzako pilatesa, haurrentzako igeriketa eta Gimnasia 65 Plus. Guztira, hiru modalitate horiek 2026ko izen-emate guztien %51,6 hartzen dute.
Onarpen handiagoa
Aukeran modalitateak, erabiltzaileei kirol ikastaro desberdinetara modu malguan sartzeko aukera ematen dienak, gero eta onarpen handiagoa du. Joan den denboraldian, 1.132 lagunek parte hartu zuten zerbitzu honetan, eta guztira 17.166 erreserba egin zituzten; batez beste, hamasei saio pertsonako. Modalitate honen erabilera %12 hazi da 2025-2026ko kanpainarekin alderatuta.
Aukeran zerbitzuan ere, pilatesa da eskari handiena duen jarduera, 5.700 saio erreserbaturekin. Atzetik ditu indoor zikloa, 2.664 saiorekin, eta Total Body, 2.330 saio erreserbaturekin. Datu horiek erakusten dute Aukeran modalitateak eskaintzen duen malgutasunak balio handia izaten jarraitzen duela kirola ordutegi eta beharretara egokitu nahi duten pertsonentzat.
Askotariko eskaintza
Kirol Ekintzen eskaintzan hainbat espazio eta diziplinatako jarduerak daude. Igerilekuan, besteak beste, igeriketa, uretako mantentze gimnasia edo bizkarreko terapia egin daitezke; aretoan, berriz, indoor zikloa, pilates, GAP, TRX, Cross Training, gimnasia, 65 Plus, judoa edo hipopresiboak eskaintzen dira. Programazioa tenis eta padel ikastaroekin eta aire zabaleko jarduerekin, hala nola runninga edo surfa, osatzen da.
Denboraldi honetan, gainera, uretako HIIT jarduera berria gehitu da eskaintzara. Uretan egiten den intentsitate altuko entrenamendua da, energia, erritmoa eta esfortzu fisikoa uztartzen dituena. Indarra eta erresistentzia lantzen ditu, uraren erresistentzia aprobetxatuz muskulatura eta gaitasun kardiobaskularra indartzeko. Aldi berean, inpaktu txikiko jarduera denez, artikulazioak babesten ditu, eta kaloria-gastu handiko entrenamendua eskaintzen du.

