Pilotegira igoera eta festa antolatu dute Gross garagardotegiak eta Calonge sagardotegiak
Pilotegiko igoera, Igeldon.Donosti City Gross garagardotegiak eta Calonge sagardotegiak erronka bota diete Donostiako eta inguruko txirrindulari eta zikloturistei: Pilotegira igoera. Hain zuzen ere, irailaren 26tik urriaren 3ko 17:00etara, Igaratik Igeldora doan den bide maldatsu hori nahi bezain bestetan igotzeko aukera izango du parte hartu nahi duen orok. Strava aplikazioko Gross x Calonge – Pilotegi segmentua da igo beharrekoa, denbora aplikazio horretako Gross Cycling Club klubean erregistratuz.
Horrela, urriaren 3an, 18:00etan, festa bat egingo dute Igarako Gross garagardotegian. Denbora onenak egiten dituzten parte hartzaileek sariak jasoko dituzte bertan, eta gainontzekoek ere sariak jasotzeko aukera izango dute, zozketak egingo baitituzte.
Era berean, antolatzaileak garagardotegi bat eta sagardotegi bat izanik, edatekoa eta jatekoa ere eskainiko dute, noski, eta musikaz girotuko dute arratsaldea. Hain zuzen ere, festa giroa ziurtatuta egongo da: “Bizikleta aitzakia da. Gero, gerokoak”, adierazi dute antolatzaileek sare sozialetan.
Pilotegi bidea Donostiako igoera gogorrena edo, gutxienez, gogorrenetarikoa da, txirrindulari profesional zein ez-profesionalentzat aski ezaguna. Hain zuzen ere, 1,8 kilometro eskasetan, 225 metro inguruko desnibela gainditzen du, ia %13ko batez besteko inklinazioarekin —lehenengo kilometroan, %8,8 da batez bestekoa, beste 800 metroetan, %17,7koa—, puntu gogorrenean %26ra heltzen delarik.


