Europa ligari etxean ekingo dio Realak
Ingalaterrako Bournemouth taldearen aurka ariko dira ligaxkako estreinako partidan, Anoeta futbol zelaian (21:00).
Realeko jokalariak Europa ligan egindako gol bat ospatzen.Reala Lau dira Realak denboraldi honetan jokatu beharko dituen txapelketak. Liga hasita, Europa liga da bigarrena —Superkopa eta kopa dira beste biak—. Gaur ekingo diote etxean, Anoetan, Ingalaterrako Bournemouth taldearen kontra (21:00). Arerioa bolada txarrean dabilen arren, aintzat hartzekoa izango da, haiek menderatzea ez delako erraza izango txuri-urdinentzat.
Andoni Iraola jokalari ohi eta entrenatzaile donostiarrak gidatu zituen ingelesak pasa den sasoian, eta maila oso onean aritu ziren. Gaur egun, ordea, Marco Rose da entrenatzailea, eta taldeak hainbat arazo izan ditu fitxaturiko azken jokalariak Europako lehian inskribatzeko. Esaterako, Eli Junior Kroupi, Julian Araujo, Juanlu Sanchez, Max Aarons eta Veljko Milosavljevic. Beraz, aurkariak ez ditu eskura izango pieza esanguratsu batzuk.
Realari dagokionez, Pellegrino Matarazzo entrenatzaileak ez du argitu zein izango den Europa ligako lehen hamaikakoa. Dena dela, aldaketak espero dira, ligan pilaturiko partidek eragindako nekeak arintzeko. Atetik hasita, Alex Remiro eta Unai Marrero atezainen artean erabakiko du, eta orduan jakingo da zein de Europako txapelketarako aukeratu duena. Atzeko lerroan, baliteke eskuin hegalean Hector Fort aritzea, Jon Mikel Arambururen ordez, eta ezkerrean ia ziurra da Sergio Gomez ikustea. Erdiko atzelarien kasuan, Jon Martin eta Mamadou Sarr izan daiteke bikotea.
Zelai erdirako, berriz, Carlos Soler eta Yangel Herrera jokalarien aldeko apustua mantendu dezake entrenatzaileak, nahiz eta Beñat Turrientesi ere lekua egin ahal dion. Azkenik, erasoko jokoan Ander Barrenetxea eta Take Kubo izan daitezke alboetatik aritu daitezkeenak, eta akaso bi aurrelarirekin joka dezake Realak: Mikel Oiartzabal eta Orri Oskarsson.

