Festak blaitu ditu Egiako haurrak
Uretan blai eginda hasi dituzte Porrontxoak.Maitane Aldanondo Heldu dira Porrontxoak eta egiatarrek jaietan murgiltzeko egun luzeak dituzte aurretik. Lehen bustialdia ostegun arratsaldeko haurren jaitsiera izan da. Karmengo Ama kalean zain zeuden Porrontxo eta Porrontxina, auzotar ugariz inguratuta. Suzirien ondoren, Joselontx0’s txarangak jotako doinura dantza egin dute lekuan bertan, aldapa behera egiten hasi aurretik. Elkartasun ikurrekin apainduta doaz, Palestinako bandera du batek, kufiya, besteak.
Egin dituzte lehen metroak zain zeudenetako asko atzean jarrita. Batzuk korrika ari ziren aldapa inguruan buruhandiengandik ihesi, beste batzuk, berriz, zerura begiratzeko ordua zela erabaki dute. Ez euririk egingo ote zuen beldur zirelako, eskatutako ura zein bizilagunek botako ote zien ikusteko baizik. Topatu dutenean, haren leiho edo balkoi azpian jarri eta “ura, ura” oihu egin dute. Busti dituzte, eta berriro eskatu diete. Hala, aldapa behera guztian. Eta nola ez, topatu dute botila, edalontzi, kubo edo dena delakoa gainean hustuko zienik.
Hala zebiltzala batzuk, erraldoiak, segizioa eta txaranga helmugara heldu dira. Plaza Haundiko eszenario ondoan jarri dituzte irudiak, eta haien barrena nolakoa den ikertzeari ekin dio haur talde batek. Gehienek, hala ere, DJ Mikeltxiren ikuskizuna nahiago izan dute. Musika eta koreografiak uztartuta, dantza egin dute txikienek, baina baita plazan zeuden gainerako askok ere.
Jarraian, haurren jaitsierako zenbait argazki:

