Helduei euskara ikasten laguntzeko hitzarmena sinatu dute Bagerak eta Donostiako euskaltegiek
Hitzarmena sinatu dute Mintzalaguna ekimena sustatzeko.Bagera 2026-2027ko ikasturtean zehar Mintzalaguna egitasmoa sustatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak, Donostiako AEKk, Hizkuntza Eskola Ofizialak eta Hitzez, Ilazki, Legazpi 6 eta Urrats euskaltegiek. “Donostian euskara ikasten ari diren helduei euskararen erabileran laguntzeko” sortu zuten Mintzalaguna egitasmoa Bagerak eta Donostiako Udalak.
Honakoa adierazi dute hitzarmenean: “Hizkuntza bat egoera normalizatu batean bere hiztunen egunerokotasunean txertatua egoten dela jakitun izanik, euskararen normalizazioa lortzeko, ezinbestekoa da honen erabilera beren hiztunen egunerokotasunean txeratzea”. Donostian euskararen ezagutza %40ra iristen dela argudiatu dute eta erabilera %16ra. Euskara normalizatu nahi bada, euskara ez dakien horiek ikastea ezinbesteko pausua dela gaineratu dute, baina ez hori soilik, euskal komunitatean txertatu behar dira. Euskara ikasten dela ziurtatzea ez dela nahikoa nabarmendu dute, eta ikasleak bertako euskaldunon komunitatean integratu behar direla argudiatu dute.
Hitzarmenean, besteak beste, honakoak adostu dituzte: Bagerak egitasmoaren koordinazioa kudeatuko du, Jarraipen Batzorde bat osatuko du ekimenaren segimendua egiteko –ikasturtean zehar bitan bilduko da, izen ematea abiatu aurretik eta mintzalagunekin jarraipena egin ostean, emaitzen berri jasotzeko–. Euskaltegiek, bere aldetik, arduradun bat izendatuko dute zentroko. Ikasturte hasieran, ikasturtearen erdian, eta ikasturtearen amaieran, Mintzalagunen berri emango diete ikasleei, baita ikasturtean zehar antolatzen diren aparteko ekintzei eta Mintzodromoei buruz ere.
Esan bezala, hitzarmenak 2026-2027ko ikasturtea hartzen du, hitzaren kideek hala erabakitzen badute, luzatu ahal izango delarik.

