Irailaren 27an ekitaldia egingo du Sortuk Donostian, 'loturak askatzera!' lelopean
Sortuko kideak, irailaren 27ko kartela aurkezten. Sortu X bidez Irailaren 27an 51 urte beteko dira erregimen frankistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak fusilatu zituenetik. Urteurrena oroitzeko, Sortuk hainbat ekitaldi antolatu ditu Euskal Herriko 50 herri baino gehiagotan, tartean Donostian, Loturak askatzera! lelopean. Donostian, 12:00etan egingo dute ekitaldia, Trinitate plazan.
Sorturen arabera, irailaren 27a “oroimenerako eguna” izango da. Alderdiak adierazi duenez, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen urteurrenak belaunaldi eta kide ezberdinak elkartzen ditu, eta “Euskal Herriaren eta haren askatasunaren alde borroka egin zutenak eta ari direnak” batzen dituen data da.
Sortuk, hala ere, “iraganaren oroitzapenaz gain, etorkizunari begiratzeko eguna” ere izan nahi duela nabarmendu du. Alderdiaren esanetan, Euskal Herriaren “askapen prozesua une erabakigarri batean” dago, eta “78ko erregimenean lotuta gelditu ziren korapiloak” askatzeko aukera dagoela defendatu du.
“Euskal Herrian potentzial politiko izugarria daukan fase politiko bat zabaltzea lortu dugu”, adierazi du Sortuk. Horren harira, “askapen prozesuan egoera berrietan murgiltzeko baldintzak ereitea” dagokiela gaineratu du.
Aurtengo irailaren 27ko ekitaldietarako kartela Mikel Erkiaga bilbotarrak diseinatu du. Sortuk azaldu duenez, artistak “zatikatutako memoriaren” teknika hartu du oinarri, eta argazkiak, paisaiak eta hainbat elementu sinboliko uztartu ditu kartela osatzeko.

