Urrea eta zilarra eskuratu ditu Ander Cepasek Yvelinesen
Ander Cepas, Yvelisen lortutako dominekin.BAT Basque Team Mahai tenis egokituko World Para Elite Yvelines Txapelketa jokatu berri dute Frantziako Saint-Quentin-en-Yvelines herrian, eta bertan lehiatu da Ander Cepas kirolari donostiarra. Hain zuzen ere, urrezko domina irabazi du Cepasek bederatzi klaseko banakako lehiaketan, eta zilarra MD18 klasean, taldekako lehiaketan, Juan Bautista Perezekin bikotea osatuz.
Basque Teamek azaldu duenez, banakakoan, multzoko lehen postuan aurrera egin zuen Abiola Wali Adesope nigeriarra eta Lucas dos Santos Carvalho brasildarra 3-0 gainditu ondoren. Finalerdietan, 3-2 irabazi zion Lucas Didier frantziarrari eta garaikurra eraman zuen finalean Juan Bautista Perez espainiarra 3-0 menderatuta.
Perezekin osatu zuen bikotea ondoren, binakako kategorian. Multzoen fasean 3-0 gainditu zituzten Cigolotti eta Didier frantziarrak eta emaitza beragatik Adesope eta Agunbiade nigeriarrak. Finalerdietan, 3-2 irabazi zieten Oliveira eta Guarnieri brasildarrei, baina, finalean, ezin izan zituzten Nozdrunov eta Iakovlev errusiarrak gainditu: 0-3 galdu zuten.
Cepas maila onean dagoela nabarmendu du Basque Teamek, eta denboraldi honetan duen “helburu nagusia Munduko Txapelketa” izango dela, azaroaren 13tik 19ra Thailandiako Pattayan jokatuko dutena.

