Zinemaldi Alternatiboa, egunez egun
Irailaren 17tik 27ra, zinema, solasaldiak, musika eta herri ekimenak uztartuko ditu Donostiako Zinemaldi Alternatiboak. Gaztetxe, elkarte, plaza, hondartza eta bestelako guneak izango dira emanaldien agertoki, eta dokumentalak izango dira programazioaren ardatz nagusia. Euskal Herriko memoria eta kultura, herri mugimenduak, migrazioa, ingurumen gatazkak, emakumeen memoria, musika eta nazioarteko hainbat errealitate izango dira aurtengo gaietako batzuk.
Egitaraua gaur, irailaren 17an, abiatuko da eta 27an amaitu, auzoz auzo ibiliko den zinema ziklo batekin. Proiekzio gehienak solasaldiekin osatuko dira, eta hainbat emanaldi tokian tokiko kolektibo eta eragileekin elkarlanean antolatu dira.
Irailak 17, osteguna: gaztetxeak eta Euskal Herriko musika mugimendua
Egitarauari hasiera emateko, Txantxarreka gaztetxean, Antiguan, They Tried to Bury Us dokumentala proiektatuko dute 19:00etan. Andrew Nethery estatubatuarrak zuzendutako lanak Euskal Herriko gaztetxe eta musika mugimenduari begiratzen dio, Niña Coyote eta Chico Tornado taldearen ibilbidea hari nagusitzat hartuta. Dokumentalak taldearen inguruko istorioa beste hainbat ahots eta testigantzarekin osatzen du, tartean Fermin Muguruza, Mikel Kazalis eta Jurgi Ekiza, baita hainbat gaztetxetako gazteak ere.
Proiekzioaren ondoren, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeko kideekin solasaldia egingo da. Horrela, egitarauak hasieratik lotuko ditu musika, herri ekimena eta gaztetxeen inguruan sortutako kultura.
Irailak 18, ostirala: surfa, Nias uhartea eta garapenaren ondorioak
Ostiralean, Zurriolako hondartzan, Groseko Indarra Surf Taldearen txiringitoan egingo da emanaldia, 21:00etan. Rebecca Coleyk zuzendutako Point of Change dokumentalak Indonesiako Nias uhartearen historia du ardatz. 1970eko hamarkadan surflariek uhartean olatu perfektua aurkitu zutenetik komunitatearen historia betiko aldatu zen. Dokumentalak lehen surflarien esperientzia kontatzen du, baina aurkikuntza hark ekarri zituen ondorio sozial eta ekologikoak ere aztertzen ditu.
Point of Change lanak orain arte erakutsi gabeko Super 8 artxibo irudiak, gaur egungo elkarrizketak eta animazioa uztartzen ditu. Filmaren jatorrizko soinu banda Stephen Warbeck Oscar saridun konpositoreak egin du, eta Paul Oakenfolden eta tokiko musikarien pieza berriak ere biltzen ditu.
Horrela, filmak erakusten du nola beren kontroletik kanpoko indar ekonomiko eta ingurumenekoek Nias uharteko gizartea eraldatu zuten, eta garapenaren, turismoaren eta ingurumenaren arteko talkari begiratzen dio. Emanaldia Groseko Indarra Surf Taldearekin elkarlanean antolatu dute.
Irailak 19, larunbata: Maurizia Aldeiturriagaren arrastoari jarraituz
Larunbatean, Zubietako Errebote plazan, 20:00etan, AIRE! dokumentala izango da ikusgai. Gentzane Martinez de Osabak zuzendutako filma euskaraz proiektatuko da, eta dokumentalaren egileekin solasaldia egingo da emanaldiaren ondoren. Saioa Gurdi Ertz kolektiboarekin elkarlanean antolatu da.
AIRE! lanak Arratiako bailarara eramaten du ikuslea. Bertan, 13 gaztek musika-pieza bat sortuko dute Maurizia Aldeiturriagarengan inspiratuta. Panderojole ikonikoa XX. mendearen hasieran euskal musika herrikoia eraldatu zuen figura izan zen. Musika tradizionaleko hiru adituren laguntzarekin eta Mauriziaren eraginpean, gazteek sorkuntza-prozesu batean murgilduko dira. Bidean, musikalki heldu eta beren ahotsa aurkitzeko prozesua erakutsiko du dokumentalak.
Musikaren ahalmen eraldatzailea, naturaren edertasuna eta tradizioa uztartzen dituen abentura musikala da AIRE!.
Irailak 20, igandea: Segoviako ihesaldiaren 50. urteurrena
Igandean, Marruma Elkartean, Grosen, Imanol Uriberen Segoviako ihesa filma izango da ikusgai. Emanaldia euskaraz egingo da, eta Josu Ibargutxi eta Angel Amigo preso ohiekin, ihesaldian parte hartu zuten bi lagunekin, solasaldia egingo da. Saioa Marruma Kulturalakekin elkarlanean antolatu da. Emanaldiak ihesaldiaren 50. urteurrena hartzen du gogoan.
Filmak 1977ko udan erbestean bizi den preso politiko baten kontakizuna jasotzen du: kazetari bati bere ihesaren nondik norakoak kontatzen dizkio. Istorioak 1976ko apirilean kokatzen du abiapuntua, ETAko kide talde batek espetxetik ihes egiteko plana prestatzen duenean.
Lehen saiakerak porrot egingo du zaindariek presoek egiten ari ziren tunela aurkitzen dutenean. Presoek, ordea, ez dute amore emango, eta bigarren tunel bat egiten hasiko dira. Zortzi hilabeteko zailtasunen ondoren, ihes egitea lortuko dute. Frankismoaren azken hilabeteetako egoera politikoak eta demokraziaren lehen zantzuen agerpenak markatutako testuinguruan, ihesaldiak ustekabeko ondorio politikoak eta sozialak izango ditu.
Irailak 21, astelehena: euskarazko animazioaren lehen film luzea
Astelehenean, egitaraua Teila Fabrikara, Egiara, iritsiko da. Sasi guztien azpitik, hodei guztien gainetik: Kalabaza Tripontzia proiektatuko da, euskaraz, eta Koldo Izagirre gidoilaria bertan izango da.Juanba Berasategik zuzendutako filma euskarazko animazioaren lehen film luzea izan zen. Luis Goya izan zuen ekoizle, eta Oskorriren musika dauka. 1984ko Zinemaldian Ohorezko Aipamena jaso zuen.
Kalabaza Tripontzia euskal mitologiako ipuin eta kondaira tradizionaletan oinarritutako lana da. Istorio ezberdinen bidez, Tartalo, Kukubiltxo, Galtzagorri eta Herensugea, besteak beste, agertzen dira, bakoitza bere abenturekin eta gorabeherekin. Kontakizunak independenteak izan arren, hari komun batek lotzen ditu. Umorea, fantasia eta euskal kulturako elementuak uztartzen dituen filmak Euskal Herriko ahozko tradizioko pertsonaiak eta istorio ezagunak pantailara eramaten ditu modu dibertigarri eta irudimentsuan. Saioa Teila Fabrikarekin elkarlanean antolatu da.
Irailak 22, asteartea: Pencoko meatze-proiektuaren dilema
Asteartean, Uliako Mintegietako parkean, 19:00etan, Tierras Raras, el dilema de la minería en Penco dokumentala proiektatuko da. Gaztelaniaz izango da, eta Ria Ruda Lafken, Playa Roca Madre lurraldearen zaindariarekin, bideo elkarrizketa egingo da. Saioa Kinka Donostialdeko Autonomoen Sarearekin elkarlanean antolatu da.
Dokumentalak Txileko Biobio eskualdeko Penco herria du ardatz. Bertan, Aclara Resources enpresak lur arraroak ustiatzeko meatze-proiektu bat martxan jartzeko aukera aztertzen ari da, eta horrek komunitatea tokiko eremua gainditzen duen gatazka baten erdigunean kokatu du. Lur arraroek gero eta eskari handiagoa dute mundu mailan, teknologiaren eta trantsizio energetikoaren hainbat alorretan funtsezkoak baitira. Dokumentalak testuinguru horretan kokatzen du Penco, Txinarekiko mendekotasuna murrizteko lehia geopolitikoaren barruan.
Garapen ekonomiko eta teknologikoaren promesen aurrean, kaltetutako komunitateen kezkak jasotzen ditu filmak, eta meatze-jarduerak uretan, ingurumenean eta tokiko biztanlerian izan ditzakeen ondorioak aztertzen ditu. Bizilagunen, adituen, agintarien eta enpresako ordezkarien testigantzen bidez, dokumentalak trantsizio energetikoaren, erauzketa intentsiboaren eta justizia sozioingurumenalaren arteko kontraesanak jartzen ditu mahai gainean.
Irailak 23, asteazkena: hirigintza, zaintza eta emakumeen memoria
Asteazkenean, 17:30ean, Arkitektura Eskolan, Ibaetan, Ellas en la ciudad dokumentala izango da ikusgai. Reyes Gallegosek zuzendutako lana gaztelaniaz proiektatuko da, eta zuzendaria bera izango da ondorengo solasaldian. Filmaren protagonistak 1970eko hamarkadan eraikitako hirien kanpoaldeko auzoak populatu zituzten emakumeen belaunaldikoak dira. Sevillako hiru auzotan bizi izan dutenaren bidez, emakume horiek hiriek askotan ikusezin uzten duten baina ezinbestekoa den euskarri baten parte direla erakusten du dokumentalak.
Haien testigantzen bidez, generoa, zaintza-lanak, hirigintza, hezkuntza eta borroka politikoak jorratzen dira.
Dokumentalaren abiapuntua, beraz, emakume horien memoria da, baina azken bost hamarkadetan hiriek izan duten eraldaketa ulertzeko ere balio du. Haien kontakizunak funtsezkotzat aurkezten dira Espainiako ondare kulturala genero ikuspegitik ezagutzeko.
Irailak 24, osteguna: migrazioa, kale salmenta eta antolakuntza
Ostegunean, 19:00etan, Guardetxean, Parte Zaharrean, Madrasa + El peso de la manta proiekzio bikoitza izango da. John Englishek eta Tomnie L. M. Hobanek, Otoxo Productions ekoiztetxekoek, zuzendutako lana da. Proiekzioaren ondoren, kale egoeran bizi izandako bi lagunekin eta Harrera Sareko boluntarioekin solasaldia egingo da. Saioa Harrera Sarea eta Guardetxearekin elkarlanean antolatu da.
Dokumentalak Bartzelonara iristen diren Afrikako etorkinen errealitatera hurbiltzen du ikuslea. Bizitza hobe baten bila itsasoa zeharkatu eta bidaia gogor baten ondoren, askok kaleko salmentan egiten dute lan beren familiak mantendu ahal izateko. Agintarien diskriminazioa eta legea betearazteko erabiltzen den errepresioa ere agertzen dira kontakizunean.
Dokumentalak Aziz, Lamine eta Seni jarraitzen ditu, Afrikatik iritsitako hiru migratzaile. Beren giza eskubideak defendatzeko, kaleko saltzaileen sindikatu bat sortzea erabakiko dute. Haien borrokaren bidez, migrazioa, prekarietatea, arrazakeria eta eskubideen aldeko antolakuntza izango dira filmaren gai nagusiak.
Irailak 25, ostirala: Gartxot, kantua eta erresistentzia
Ostiralean, 20:00etan, Gartxot animazio filma proiektatuko da Arteleku plazan, Txomiñenean. Emanaldia euskaraz izango da, eta pintxoak ere izango dira afaltzeko. Asisko Urmenetak eta Juanjo Elordik zuzendu zuten filma. Saioa Behin Batean Txomiñeneko euskaltzaleen taldearekin elkarlanean antolatu da.
Gartxot Nafarroako bardo baten istorioa da. Orreagako abade berriak erbesteratu egingo du, semea kendu eta fraile kantore bihurtzeko asmoz. Semeak ihes egingo du eta aitari zin egingo dio fraileek ez dutela berriro harrapatuko. Aita-semeak berriz ere kantuan hasiko dira eta, herritarren laguntzarekin, zapalkuntzaren kontrako ikur bihurtuko dira. Elizak erronka gisa hartuko ditu haien jarduerak eta, azkenean, soldaduek inguratzea lortuko dute. Gartxotek semeari emandako hitza gogoratuko du, eta istorioak tragediara eramango ditu bi protagonistak.
Irailak 26, larunbata: Tarará, Txernobylgo haurren eta Kubaren arteko elkartasun istorioa
Larunbatean, egitaraua Letaman gaztetxean, Intxaurrondon, izango da. 19:00etan solasaldia egingo da eta 20:00etan filma proiektatuko da. Tarará dokumentala Ernesto Fontánek zuzendu du eta gaztelaniaz izango da ikusgai. Solasaldian Endika Guarrotxena eta Antonio Merlan izango dira. Saioa Euskadi-Cuba eta Letamanekin elkarlanean antolatu da.
Dokumentalak Txernobylgo zentral nuklearraren leherketak kaltetutako milaka haurrek Kubako Tarará hirira egindako bidaia du ardatz. Han, istripuaren biktimei zuzendutako osatze programa integral bat jarri zuten martxan. Munduan ordura arte parekorik izan ez zuen osasun arretako programa horretan parte hartu zuten protagonisten kontakizunen bidez, dokumentalak elkartasunez beteriko historia berreraikitzen du.
Irailak 27, igandea: klausura, zuzeneko musikarekin
Azken egunean, Marruma Elkartean, Grosen, egingo da klausura ekitaldia. Egitarauari amaiera emateko, I. Etxarrik eta Lide Hernandok kontzertu akustikoa eskainiko dute, eta elkarrizketatu batekin ere solasaldia egingo da. Jarduera euskaraz izango da eta Marruma Kulturalakekin elkarlanean antolatu da.
Horrela, irailaren 17an Txantxarreka gaztetxean abiatutako egitarauak Donostiako hainbat auzo, espazio eta komunitate zeharkatuko ditu hamaika egunetan. Zinema izango da ardatza, baina dokumental eta filmen inguruan antolatutako solasaldiek, zuzeneko musikak eta tokian tokiko eragileekin egindako elkarlanek osatuko dute programa.
Aurtengo Zinemaldi Alternatiboak, beraz, ez du zinema areto bakar batean bilduko bere jarduera: gaztetxeak, elkarteak, hondartza, plaza, parkeak eta auzoetako bestelako guneak bihurtuko dira pantaila eta topagune. Beti ere, elkarlana eta kritika ardatz.

