Altzako Serafinak, aspertzeko astirik gabeko «jai ganberroak»
Hirugarrenez antolatu dituzte Altzako Arriaga zonako Serafinak, eta dagoeneko auzotarren artean «errotuta» daude jai horiek, antolatzaileek azaldu dutenez. Egitaraua bete-beteta datoz aurten: «72 jarduera antolatu ditugu guztira!».
Erika Rico eta Jorge Gravalos jai batzordeko kideak, Harria parkean.Beñat Parra Atzera kontaketa hasi dute Altzan, Jolastokietako jaiak bukatu eta berehala baitatoz Arriaga zonako Serafinak, Altzako uda garaiko azken jaiak: «Urtebeteko lana egin dugu, baina oso pozik gaude, jaiak hasteko gogoz», adierazi dute jai batzordeko kide Jorge Gravalos eta Erika Ricok. Hemen daukazue egitarau osoa.
«Guztira, 72 jarduera antolatu ditugu», gaineratu dute, baita argitu ere jaiak zenbait berritasunekin datozela aurten. Ohiko legez, Harria parkea izango da jai gune nagusia, baina festa giroa Arriagako zazpi auzuneetara zabalduko da: Erroteta, Arrizar, Arriberri, Santa Barbara, Elizasu, Los Boscos eta Darieta.
Txupin, Altza Parade eta beste
Txupinen bila joanda hasiko dituzte jaiak, jai batzordekoek azaldu dutenez: «Gasteizen Zeledon eta Bilbon Marijaia dituzten moduan, guk Txupin daukagu. Kuadrillak Elizasun bilduko dira, eta Txupin balkoi batetik jaitsiko da, iaz hoberen apaindutakoaren saria jaso zuen balkoitik. Kalejiran joango gara Harria parkera, han Txupin igotzeko eta jaiei hasiera emateko».
Haur, gazte zein helduentzako jarduerak antolatu dituzte jai batzordekoek: «Egitarau zabala prestatu dugu, mundu guztiak bere lekua aurki dezan hemen». Ekimen guztien artean, zenbait berritasun nabarmendu dituzte: castell ikastaroa igande eguerdian, auto klasikoen topaketa larunbat goizean eta Altza Parade egitasmoa, besteak beste. Azken hori «xelebrea» izango da, jai batzordekoek diotenez: «Kuadrillen kalejira bat da, eta kuadrillek denbora daramate prestatzen. Sekulako ikuskizuna izango da eta sorpresaz beterik egongo da».
Hiru urteotan, jaiak auzoan errotzea lortu dute: «Jendearen egutegian sartzen dira dagoeneko»
Musika eskaintza ere oso zabala izango dela zehaztu dute Gravalosek eta Ricok: «Arriaga Rock jaialdiak zortzi kontzertu ekarriko ditu auzoko tabernetara, Andoni Ollokiegi bere bandarekin etorriko da plazara eta txaranga eta kalejira ugari edukiko ditugu kaleetan barrena».
«Ondo pasatzea» da jaien helburu nagusia, eta denek ondo pasatu ahal izateko, batzordeko kideek azaldu dute une oro kamiseta berdea eta zapi beltza —jaietako ohiko jantzia alderantziz da— eramango duten zenbait kide egongo direla jai gunean, «edonork edozein arazo badu, laguntzeko». Ildo horretatik, «ez dugu inolako erasorik onartuko», nabarmendu dute.
«Probatu ez duenak ez daki zer den hau»
Erreportaje honen hasieran aipaturiko Altzako auzuneek jai propioak izan zitzaten jaio ziren Serafinak, eta hiru urteotan, auzoan errotzea lortu dute: «Jendearen egutegian sartzen dira dagoeneko, jendeak gogo asko zuen hemen jaiak ospatzeko».
Hala ere, altzatarrak ez ezik, jai batzordekoek donostiar guztiak animatu dituzte jaietan parte hartzera: «Kanpotik datozen guztiek errepikatzen dute. Fermin Muguruzak zioen moduan, ‘probatu ez duenak ez daki zer den hau!’».

