«Belodromokoa kristoren festa izango da; ezin zen emanaldi soila izan»
Musikaria eta bideogilea. Nor hobeto Ander Merino baino (Parte Zaharra, 1995), Fermin Muguruzaren mundu birari buruzko dokumentala egiteko? Zinemaldian aurkeztuko dute, Belodromoan, eta bi urteko bidaia ero baten amaiera izango da.
Ander Merino zinemagilea.Xalba Ramirez Nola abiatu zen proiektua?
Ñakok, Maukako managerra denak, deitu zidan biraren berri emateko bideo bat egin nahi zuelako. Bideo horren ostean, Irungo Borda-Berri tabernan bigarren bat egin genuen. Bira hasi zenean, bira dokumentatzeko eskatu zigun, pilula txiki batzuk egiteko. Bira amaitzean, dokumental forma ematen hasi ginen.
Gidoirik gabe grabatu zenuten?
Ordu asko genituen, baina gehiena kontzertu aurreko momentuetan zegoen zentratuta. Tiroa nahiko argi zegoen: kontzertuan parte hartzen zuen jendeari elkarrizketatxo bat egitea, inguruko giroa jasotzea… Guk guztiz jakin ez arren, nahiko bideratuta zegoen jada. Plano pila bat zeuden, eta hori erabakitzea lan mamitsua da. Ferminek kristoren lana egin du aukeratzen.
Biek elkarlanean egin duzue, beraz.
Bide guztia hasieratik egin dugu elkarrekin. Ni oso eskertua nago bere mailan jarri nauelako, zeren ikusten dut bera izan dela zuzendaria, eta ni gehiago bere ondoan egon dena prozesu osoan. Bere eskuzabaltasunagatik nago zuzendari moduan. Dokumentala elkarrekin egin dugu? Bai. Baina ardatza berak oso argi zeukan, eta lan pila egin du lehenagotik, nik nire lana egiteko hari garbi batean.
Baina zu ere bazara zuzendaria.
Orain ezin ezetz esan [barrez]! Egia esan, Ferminen gidaritza aitortuta ere, nire sentitzen dut film hau, bai.
Ez da zure lehen dokumentala.
Izarorena egin nuen, Izaro: Limoiari eztia / Reivindicar la ternura (2022). Han erabaki artistiko gehiago hartu nituen. Honetan ere, noski, baina Ferminen biraren ingurukoa da eta ez da gauza bera.
Nik Ferminen lana aspalditik ezagutzen nuen, baina bera ez. Toki guztietan egon da eta denaz gogoratzen da oso-oso argi. Nik miresten nuen musikagatik eta bere ibilbide politikoagatik, baina ikustea nik uste nuena baino askoz gehiago egin duela, kristorena izan da. Eta zenbatetan izan den jazarria! Albiste bat ikusten duzu eta tira, baina ikusten duzu errenkadan… eta sistematikoa den gauza bat dela konturatzen zara.
Dokumentala biraren bidez kontatzen da. Zer aurkituko dugu?
Alde batetik, kontzertuen irudiak eta elkarrizketak daude; eta, bestetik, Oihana Barrenak eta Ferminek egiten duten elkarrizketaren bidez, biraren zergatia azaltzen da: zergatik sortu zitzaion har hori barruan.
Fermin zaurgarriago bat ikusiko dugu?
Bera zaurgarri agertzen da esaten duenagatik. Fan amorratuenek ere ez dakizkiten gauza batzuk esango ditu, pertsonalagoak direlako: bere bizitzako galerez, zergatik sortu zitzaion har hori, har horrek izandako eraginaz…
Zer izan da zuretzat Fermin ezagutzea?
La ostia, egia esan. Ferminen lan egiteko dinamika ezagutzea oso aberasgarria izan da; beste maila bateko ekoizpena da. Eta bera, pertsonalki. Kanpoan jotzen du, bai, baina kanpora jotzera joaten denean bere zirkulua du. Bere zirkulua Txilen, Uruguain, Japonian, Argentinan… Ez doa Mexikora kontzertu bat jotzera eta kito; ez, han ditu bere lagunak eta sare bat. Edozein lekutan hurbiltzen zaio jendea: «Nik ikusi zintudan 1993an, ez dakit non». Eta hori eromena da. Ez da soilik 30 urte geroago oraindik jarraitzaileak direla: bere lagunak izaten jarraitzen dute. Izugarrizko gaitasuna dauka berarengandik hurbil egon den jendea gertu mantentzeko eta komunitatea egiteko.
Biran izan zara zu ere. Nolakoa izan da esperientzia?
Oso guapoa. Oso-oso guapoa. Txileko boloa izan zen niretzat eromen hutsa. Hor zegoen presioa ez dut inoiz ikusi. Gainera, baxu jotzailea gaixotu eta ospitalera joan behar izan zuen —Iñigo Etxarri teknikariak kantu guztiak ikasi zituen egun berean!—. Atera nintzen soinuak txekeatzera eta ezin nuen sinistu zegoen energia. Kontzertua hasi, eta aretoak burrunba egiten zuen, inoiz ikusi gabea. «Sabotaje, rebelión, desobediencia, agitación!» oihukatzen. Ileak puntan jartzen zaizkit oraindik.
Eta Mexikokoa?
Sinestezina izan zen. Fermin ikusi nuen bateriaren atzera joaten, eta oso arraroa zen; mina hartu zuela pentsatu nuen. Bat-batean, Polizia aretoaren kanpoan zegoela esan zuten, eta nik pentsatu nuen ez zela hainbesterainokoa izango. Grabatzera joan nintzen balkoitxo batera… Kale guztia poliziaz josita zegoen, arma astunekin… Gauza serioa!
Hasieratik ikusten zen hori paripé bat zela. Telebistako kamerak zeuden hasieratik, eta gero jakin genuen poliziek ekarri zituztela! Kontua hori da: zer pasako zen istripuren bat egon izan balitz? Norbaitek botila bat jaurtiz gero, akaso hildakoak egongo ziren! Astakeria hutsa. Antzerki bat da, antzerki izateari uzten dion arte.
Dokumentalen ildoan jarraitzeko asmorik baduzu?
Duela hiru hilabete galdetu izan bazenit, ezetz esango nizuke [barrez]! Baina ikus-entzunezkoak badu zerbait: musikatik haratago erakutsi ezin dituzun gauzak erakusteko ahalmena. Musika indartzen dutenak. Ez dakit zein modutan, baina gustatuko litzaidake mundu honetan jarraitzea. Belodromoa pasatzean are argiago izango dut!
Eta zer espero dezakegu Belodromoko aurkezpenetik?
Kristoren festa izango da. Ezin zen emanaldia egin eta kito. Kalejira izango da Broken Brothers Brass Bandarekin, bazkaria izango dugu lantaldekook, eta bertan ere izango da sorpresaren bat! Gogoratzeko moduko egun bat izango da.

