Doako jarduerak eta ate irekiak egongo dira udalaren kiroldegietan
Udal kiroldegi bateko kanpoko igerilekua.Donostiako Udala Datorren asteko astelehenetik ostiralera artean, hilak 21etik 25era, Kirolaren Europako Astea ospatuko du udalak, Kirol Ekintzan kanpainaren denboraldi berriarekin bat eginez. Kirola eta jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin kudeaketa zuzeneko kirol guneetako ateak irekiko ditu udalak, eta erabili nahi duenak harrera puntura gerturatu eta doako sarrera eskatu beharko du.
Iñaki Gabirain Kiroletako eta Bizitza Osasungarriko zinegotziak azaldu duenez “urte osoan aktibo egotera bultzatzen gaituen ekimena da”, eta edonork kirol instalazioak ezagutzeko aukera izan dezan nahi dutela gaineratu du.
Bestetik, hilaren 26an, larunbata, udalak doako kirol jarduerak eskainiko ditu udal kiroldegietan, hauek ordea, –edukiera kontuen ondorioz– Kirol Txartela dutenentzat izango dira eta izena ematea beharrezkoa da, donostiakirola.eus webgunean edo kiroldegietan, astelehenetik, hilaren 21, aurrera.

