Etorkizuneko mamuei aurrez aurre begira
Agifes elkarteak lau hamarkadako ibilbidea ospatzeko ekitaldia antolatu zuen, baina hitzordua urteurren hutsetik haratago joan zen berehala. Ospakizunaren poztasuna eta senideen ezintasuna elkarren eskutik aritu ziren, osasun mentalaren sistemak dituen pitzadura sakonak agerian utziz.
Agifesek atzo antolatu zuen mahai ingurua.Agifes “Eta gu ez gaudenean, zer?” Galdera horren pisuak zeharkatu zuen atzo Donostiako udaletxeko pleno aretoa, oihartzun mutu baina gorgarri baten gisa. Agifes elkarteak lau hamarkadako ibilbidea ospatzeko ekitaldia antolatu zuen, baina hitzordua urteurren hutsetik haratago joan zen berehala. Ospakizunaren poztasuna eta senideen ezintasuna elkarren eskutik aritu ziren, osasun mentalaren sistemak dituen pitzadura sakonak agerian utziz. Instituzioetako ordezkarien aurrean, familiek euren bakardadea eta etorkizunari dioten beldurra jarri zuten mahai gainean. Estigmaren itzaletik irteteko 40 urteko bidaia aitortzeaz gain, biharko ziurgabetasunari argia emateko tresna berriak aurkeztu zituen elkarteak.
Cristina Tapia moderatzaileak ireki zuen ekitaldia; elkarteak erakunde, profesional eta pertsonekin batera ehundu duen jakintza sare zabala goraipatu zuen Tapiak, eta mikrofonora gonbidatu zituen 40 urte aurten elkarteak, nolabait, bidelagun izan dituen zenbait pertsona.
Ospakizun hutsa izatetik haratago, buru osasunarekin zerikusia duten gaur egungo beharrei erantzuteko tresna berriak aurkezteko —Etorkide programa eta Buru osasuna Gipuzkoan gida —eta sistemaren hutsuneen inguruko hausnarketa sakona egiteko agertokia izan zen atzoko aurkezpena.
Iraganari begirada eta erakundeen babesa
Agustin Eizagirre Agifeseko presidenteak hartu zuen hitza lehenik, duela 40 urteko Gipuzkoara salto eginez. Gogorarazi zuen familia talde txiki batek elkartzea erabaki zuela senideen gabeziei, estigmari eta gizartearen isiltasunari aurre egiteko; hala sortu zen Agifes. “Inork ezin zion bere arazoei bakarrik aurre egin, eta denok elkarrekin joan ezean ez gara inora helduko”. Ibilbide hori guztia lekukotasunekin jasoko duen liburu bat prestatzen ari direla ere aurreratu zuen presidenteak.
Erakunde publikoetako ordezkariek elkartearen ezinbesteko lana aitortu zuten. Maria Jesus Idoeta udaleko Gizarte Ekintzetako zinegotziak Agifesen “lan isila” eskertu zuen, pertsonak erdigunean jartzen dituen hiri inklusibo baten alde. Txaro Rodrigo Gipuzkoako foru aldundiko mendekotasunaren eta desgaitasunaren arretako zuzendari nagusiak azpimarratu zuen elkartea beti joan dela politika publikoen aurretik, eta eredu ospitalario batetik eredu komunitarioago batera igarotzeko ezinbesteko giltzarria izan dela. Bere aldetik, Ivan Larraza Ongizate sailburuordeak osasun mentala ongizate integralaren parte dela defendatu zuen, politika guztietan zeharkakoa izan behar duela esanez, eta pertsona batek “zer egin ezin duen” galdetu beharrean, “zer laguntza behar duen” galdetzera pasatzeko deia egin zuen.
Informazioa eta aurreikuspena
Ekitaldiaren bigarren zatian, bi egitasmo berritzaile aurkeztu zituzten Verónica Pazos gizarte langileak eta Esther Ezponda abokatuak. Batetik, Buru osasuna Gipuzkoan gida aurkeztu zuten, familiek sarritan jasaten duten informazio faltari erantzuteko helburuarekin. Pazosek azaldu zuenez, orain arte oso sakabanatuta zeuden baliabide eta eskubide nagusiak dokumentu bakar eta dinamiko batean bildu dituzte.
Bestetik, Etorkide programa ere ezagutarazi zuten, familien kezka nagusi eta mingarrienetako batetik jaiotakoa: “Zer gertatuko da gu ez gaudenean edo gure familiarra zaintzeko moduan ez gaudenean?”. Pazosen hitzetan, profesional batek guraso nagusiei eta familiei etorkizuna planifikatzen lagunduko die programaren bidez; adibidez, osasun zentroko hitzorduen jarraipena eginez, mendekotasun balorazioak eskatuz, edo notariora joateko laguntza eskainiz. Ezpondak, bere aldetik, dei zuzena egin zien erakundeei: baliabide oso onak egon arren, Osakidetzaren, Aldundiaren eta elkarteen arteko koordinazioa hobetzeko protokolo bat aldarrikatu zuen, funts publikoak hobeto optimizatzeko.
Errealitatea eta sistemaren pitzadurak
Jardunaldiaren une gordinena mahai inguruan iritsi zen, non Andrea Gabilondo Gipuzkoako Osasun Mentaleko Sareko zuzendaria, Paloma Caso senidea eta Mikel Merino elkarrekiko laguntza agentea osasun mentalaren egungo argi-ilunez aritu ziren.
Senideen ezintasunaren argazkia marraztu zuen Casok. Osakidetzako baliabideetara iristea oso zaila dela salatu zuen; halaber, baliabideak kasu larrienetarako —esaterako, psikosia edo eskizofrenia— gordetzen direla esan zuen, nortasunaren nahasmenduak dituztenak baztertuta utziz. Baina haren salaketa gogorrena datuen pribatutasun legeen ingurukoa izan zen: gaixoa adinez nagusia denean, legeak familiei espezialistekin hitz egitea galarazten die pazientearen baimenik gabe. Hori dela eta, gaixoek askotan botikak hartzeari uzten diote eta sendagileari gezurra esaten diote, familiak ezin duelarik etxeko benetako errealitatea komunikatu. Egoera horrek indarkeria, suizidio saiakerak edo autolesioak eragiten dituela ohartarazi zuen, eta sarritan 112ra deitzea beste erremediorik ez dutela izaten. “Gaixoak ez du laguntzarik eskatuko, baina familiok bai”, adierazi zuen, sutsuki.
Merinok, ordea, gaixoen ikuspegitik, autonomia independentziaz bizitzeko eta lan bat izateko gaitasun gisa definitu zuen. Hala ere, autokritika egin zuen: gaixoei erantzukizuna eskatu zien krisi momentuei begira, lasaitasun garaietan aurretiazko erabakiak hartzeko eta ordezkari bat izendatzeko; familiari “gurpiletan makilak ez jartzeko”, azken finean. Gainera, deitoratu zuen jende askok ez dituela eskuragarri dauden baliabideak ezagutzen edo erabiltzen, hala nola ezgaitasunak eskatzea, tutoretzapeko pisuak, edo elkarteko berrerortzeak prebenitzeko planak.
Sistemaren ordezkari gisa, Gabilondok profesionalen muga eta zailtasun batzuk onartu zituen, baina eredua hobetzen ari direla defendatu zuen, sendatze klinikotik pertsonaren bizi proiektuari erreparatzera igaroz. Familien komunikazio arazoen aurrean, medikuek gaixoen lege mugak errespetatu behar dituztela zehaztu zuen. Dena den, bi iragarpen egin zituen: alde batetik, aurretiazko erabakiak planifikatzeko tresna martxan badago ere, Gipuzkoan oraindik ez dela eskaera bakar bat ere egon; eta, bestetik, albiste garrantzitsu bat eman zuen: epe laburrean Terapia Asertibo Komunitarioko programa berri bat jarriko dutela abian pazienteen etxeetara zuzenean joateko, gaur egun ez baitago etxez etxeko zerbitzurik osasun mentaleko sarean.
Ekitaldia bukatzeko, parte hartzaileek mezu bateratu bat igorri zuten: isolamendua apurtzea, etorkizuna aurreikustea eta, batez ere, baliabide giza material gehiago jartzea ezinbestekoa dela egoera benetan aldatu dadin.


