Hitchcockek Donostia gurtu zuenekoa
Alfred Hitchcockek Donostiako Zinemaldian utzitako arrastoa berpiztu egin zen, argazki zahar bati esker. Euskal kulturarekiko jakin-mina eta zentsura uztartzen dituen bidaia horren lagin txiki bat da hau.
Alfred Hitchcock, Polloe hilerrian.Kutxateka Madrilgo Rastro azoka zaharrean egindako ustekabeko aurkikuntza batek zinemaren historiaren zati bat argitara emateko balio izan zuen; izan ere, 2018. urtean, Pedro Usabiaga argazkilari donostiarrak berebiziko altxorra topatu zuen bertan: Alfred Hitchcock zinema zuzendariaren argazki bat, Polloe hilerritik pasieran.
Ezusteko topaketa horrek bultzatuta, Usabiagak ikerketa sakona abiatu zuen britainiarrak gurean utzitako arrastoari tiraka. Lan horren emaitza Welcome Mr. Hitchcock. Un viaje por el País Vasco erakusketa izan zen.
Eguneroko pertsonal baten gisan, zuzendariak Euskal Herrira egindako bisita kontatzen du erakusketak, 1958ko Donostiako Zinemaldian Vértigo film ezaguna aurkeztera etorri zenekoa; bertan ikusi daiteke, besteak beste, Maria Cristina hotelean hartu zuela ostatu bere emaztearekin batera, eta inguruko jatetxe ezagunetan egin zituela otorduak.
Fedea, artea eta zentsura
Heziketa katoliko zorrotza jaso zuenez, zuzendariak bertako ondare erlijiosoa gertutik ezagutu nahi izan zuen. Horrela, San Bizente eliza eta Santa Teresa komentua eta Koruko Andre Mariaren basilika bisitatu zituen.
Hala ere, horien barruan ateratako argazkiek diktadura frankistaren zentsura jasan zuten. Garaiko agintariek horiek argitaratzea debekatu zuten, haien ustez, Hitchcocken jarrerak ez zuelako leku sakratu batek eskatzen zuen begirunea erakusten.
San Telmo museoan ere izan zen Hitchcock, eta bertako arte ederren eta pieza etnografikoen bidez, euskal gizartearen historia gertutik ezagutzeko aukera izan zuen.
Suspensea, erakusleihoan
Bere itxura serio eta zorrotzaren atzean, ordea, umore beltz eta bihurria ezkutatzen zuen zinemagileak. Erakusketako argazkietako batzuek Askatasunaren hiribidean gertatutako pasadizo xelebre bat erakusten dute: antigoaleko gauzen denda bateko erakusleihoan sartu eta erabat geldi geratu zen Hitchcock, bertako maniki bat bailitzan.
Kalean zebiltzan hainbat haur harrituta geratu ziren hura ikustean. Broma biribiltzeko, ustezko manikia bat-batean mugitu, eta sekulako sustoa eman zien umeei. Ondoren, barkamena eskatu nahian, autografoak banatu zizkien.

