Loiolako XXVII. Jardunaldi Mikologikoak aurkeztu dituzte
Txus Orcajo, Susana Bustero, María Martínez de Olcoz, eta Patxi Lago, aurtengo mikologia jardunaldien aurkezpenean.Loiolatarra K.E. Gaur, irailak 18, Loiolatarra Kirol Elkartean aurkeztu dituzte klubak eta Loiolako kultur etxeak babestutako XXVII. Jardunaldi Mikologikoak. Ekitaldian, Patxi Lago eta Txus Orcajo klubeko mikologia ataleko ordezkariak, Susana Bustero kultur etxeko zuzendaria eta María Martínez de Olcoz Laboral Kutxako zuzendaria izan dira.
Aurtengo egitarauak hainbat ekitaldi eskainiko ditu, datozen asteetan zehar:
- Jesús Martínez bazkidearen zurezko tailen erakusketa egongo da ikusgai urriaren 4ra arte.
- Mikologia hastapen ikastaroa emango dute Lagok eta Orcajok, Loiola Kultur Etxean, alde teoriko eta praktikarekin. Horrez gain, perretxikoak biltzeko mendira irteera eta sukaldaritza mikologikoko tailerra egingo dira.
- Urriaren 1ean, osteguna, 19:00etan, Paiva & Maikel “El Cuba”-ren musika emanaldia izango da, Gibelurdin tabernan.
- Urriaren 2an, Maider Lago Leartikerreko ikertzaileak elikagaiei aplikatutako onddoen hartzidurei buruzko hitzaldia emango du, kultur etxean.
- Urriaren 3an, larunbata, klubaren lokaletan jasotako espezieen harrera eta sailkapena egingo dute, eta ekarpen onena eta espezie arraro edo originalena sarituko dituzte bertan.
Jardunaldiei amaiera emateko, urriaren 4an, igandea, Perretxikoaren Festa herrikoia ospatuko dute Latsarien plazan, 10:30etik aurrera. Bertan, perretxikoen erakusketa eta dastaketa egongo da eskuragarri. Horrekin batera, artisau eta gastronomia produktuak, haurrentzako pintura tailerra eta puzgarriak ere egongo dira.
Aurtengo edizioaren berrikuntza gisa, Donostia Kayak-eko dragoi ontziak doako paseoak emango ditu ibaian goizean zehar parte hartu nahi dutenentzat. Era berean, auzoko tabernek onddo eta perretxikoekin prestatutako pintxoak egingo dituzte, festa egun horretan.

