Mezurik ez duen botila
Klik-klak.Joseba Parron San Sebastian Botila bat itsasertzera iristen ikustean, ea barruan mezurik duen begiratu dut behin baino gehiagotan.
Nik uretara botila bat botako banu, zein mezu sartuko nuke? Idatzizko mezu bat? Euskaraz? Erdaraz? Espaziora ere bidali izan dira mezuak, nork jasoko duen jakin ez, eta entzun eta ikusi daitezkeenak bidaliz. Urrezko diskoa bidali zuten Voyagerren, mundua nola entzuten eta ikusten den azaltzeko estralurtarrei –inon baldin badaude–.
Marrazten jakingo banu, agian, marrazki bat sartuko nuke botilan. Saiatu naizen arren, ez naiz oso abila, beraz, marrazkirik ezin sartu. Bestela, 5 urteko haur batek egin duela pentsatuko du jasotzen duenak.
Argazkia, akaso; zerenak, ez dut oso argi. Etxeko txakur eta katuarena, lagunena, gustuko dudan txokoren batena… Pot-pourri bat egin nezake. Eta zuk, ba al dakizu zer sartuko zenukeen?
Oraingoz, topatutako botila denak hutsak egon dira, zaborra besterik ez, beraz, jaso eta zaborrontzira botatzea besterik ez dago.

