«Musika edozeinek jartzen du; mikrofonoa da festa giro on baten gakoa»
Donostiako zein inguruko auzo eta herrietako jaiak girotzen ibiltzen da Mikel Lizasoain (Loiola, 1981); baina oholtza gainera igotzen den hori, mikrofonoarekin animoak altxatzen dituen hori, DJ Mikeltxi ezizenarekin da ezagunagoa. Egunerokoan bestelako lan bat badu ere, plazak girotzen jarraitzeko gogoz dihardu lanean.
DJ Mikeltxi, Loiolako Oxkarbi tabernan.Nagore Garmendia Zergatik Oxkarbi taberna?
Loiolan dagoelako, nire auzoan. Taberna honetatik ikusten da La Salle ikastetxea, eta oroitzapen politak ekartzen dizkit; bertan izan zen nire lehenengo festa musika jartzen, orain dela 24 urte eta erdi.
Eta Loiolako jaietan izan zen, baita ere, nire lehenengo disko festa auzo eta herrietako jaietan. Taberna honetatik esan dezaket biak dauzkadala gertu; auzoa bera eta ikastetxea.
Eta orain, 24 urteren ostean, Loiolatik salto egin eta Donostia osoko eta inguruko jai askotan dago zure izena.
Hala da, bai! Festa politak egiten dituzte handik eta hemendik, eta haurrekin zein helduekin dantzan ibiltzen naiz, bai.
Egunerokoan, ordea, mikrofonoa eta aurikularrak tabako enpresa bateko auto batengatik aldatzen dituzu.
Tabako komertziala naiz, bai, Gipuzkoa osoko estankoetatik ibiltzen naiz; autoa publizitateko kartoiz beteta daukat, eta asteburutan, horiek kendu, eta bozgorailuak sartzen ditut!
Astean zehar Mikel, eta asteburutan DJ Mikeltxi. Zein da bien arteko desberdintasuna?
Biak dira ganberroak [barrez]! Astean zehar, helburu batzuk lortu behar ditut, salmentak ondo joan behar du. Eta asteburutan, parranda! Saioetarako materiala muntatzen ere giro polita dago.
Zergatik hasi zinen honetan?
Musika ikasi nuen; piano karrera hasita dut eta solfeoa bukatu nuen. Lagun bat zerbitzari zebilen Parte Zaharreko taberna batean, eta gauetan joaten ginenean, CD bera zeukaten jarrita gauero, etengabe, hasi eta buka. Horrek ezin zuen horrela jarraitu! Bertan hasi nintzen musika jartzen, eta DJ enpresa baten parte izan nintzen gerora, ekitaldiak egiten genituen.
2009an hasi nintzen nire kabuz lanean, eta begira… ikasturte honetan, 25 urte egingo ditu La Sallen musika jarri nuen lehen alditik.
Ezkontzetan ere jartzen duzu musika, baina zurea, orokorrean, jaietako berbenak dira.
Giroa jartzea da nirea, bai. Baina publikoa desberdina da; ezkontza bakoitza mundu bat da, bakoitzak du bere xarma, eta eskaeretara mugatu behar zara, azken finean. Dagoeneko, 1.000 ezkontza baino gehiago girotu ditut, azkar esaten da…
Gaur egun, gainera, ezkontzak luzatu egiten dira; baina lehen, egun berean bi egin nitzakeen: bat eguerdian, eta beste bat gauean. Asteburu osoan, hiru ezkontza egitera iritsi naiz. Ezetz ematen du, baina leher eginda amaitzen duzu!
«Oporretan, hoteletako animazioetara adi egoten nintzen, eta handik
ekartzen nituen koreografia eta abesti berriak»
Zein da berbena arrakastatsu baten sekretua?
Giro ona. Horretarako, mikrofonoa garrantzitsua dela uste dut; musika edozeinek jartzen du, baina mikrofonoa da guztiaren gakoa.
Zu zeu zara giroa, Mikel… koreografiak ere egiten dituzu!
Batzuk sortzen ditut, bai, eta beste batzuk ikasi! Oporretan hoteletara joan izan naizenetan, animazioetara adi egoten nintzen, eta horietatik ekartzen nituen koreografia eta abesti berriak.
Orain, nire semea udalekuetara joaten da eta bueltatzen da esanez abesti berri bat duela niretzat! Hiruzpalau urte daramatzagu koreografien kontuarekin, eta giro aparta sortzen da, egia esan.
DJ Mikeltxi, ospakizunaz girotzeaz gain, lasterketetako esataria ere bada.
Bai, baina desberdina da; DJ Mikeltxi naiz hor ere bai, eta jarraitzen dut musikarekin girotzen, baina egiten dudan lana bestelakoa da. Korrikalariak animatzeko zaude hor, baita ikustera gerturatzen den jendea ere. Helmugara lehertuta iristen diren momentu horretan, eskertzen dute animo pixka bat.
Zein da zure plaza gustukoena?
Loiola, zalantzarik gabe. Nire auzoa izateaz gain, jendetza dator urtero. San Ignazio bezperan egoten naiz, gaurik potenteena dela esango nuke. Bereziak dira niretzat, bai auzoko jaiak, baita La Salleko jaiak ere. Hor ikasi nuen, nire semeak ere hor ikasten du, eta nire karreraren hasiera markatu zuen. Biekiko loturak jarraitzen du.
Ze abesti ezin da faltatu inoiz DJ Mikeltxirekin? Zein da arrakastatsuena eta zergatik?
Haurrentzako festetan, Saltoka saltoka; nik egindako abesti bat da, kristoren polita da eta izugarri gustatzen zaie txikiei. Zortzi abesti inguru dauzkat eginda, horretan ere bagabiltza! Eta helduen kasuan, kalejirak. Patxanga!
Pentsatu duzu noizbait tabakoen autoa aparkatzea DJ izateko?
Bai, noski. Baina 45 urte dauzkat… Hemendik hamar urtera, haurrekin dantzan egiteko moduan egongo naiz? Aguantatuko al du nire gorputzak, nire belaunek? Ez dakit, ez nago ziur. Posible dudan bitartean hor jarraituko dut dantzan, txikiekin, helduekin, eta lasterketetan animatzen.

