Protagonista donostiarrak (ere) Zinemaldian
Gaur hasiko da Donostiako 74. Zinemaldia. Eskaintza zabalarekin, nazioarteko izar ugariren artean, askotan, galdu egiten zaizkigu etxeko izarrak. Hemen galdu ezin duzunaren laburpentxo bat.
Donostiako Zinemaldiak, batzuetan gehiago, besteetan gutxiago, Donostiarekin duen lotura ez da soilik geografikoa. Euskal zinemak –hau ere aldatzen doana– lekua bertan duen heinean, donostiar zuzendari, aktore eta bestelako zinema industriako langileek euren tokitxoa topatu ohi dute.
Sants filma da Urrezko Maskorra eraman dezakeen donostiar zigiludun film bakarra. Ordea, ez da euskaraz, katalanez baizik. Mikel Gurrea donostiarra da zuzendaria eta, oraingoz, ezer gutxi dakigu gidoiaren inguruan: «Ama laster hilko zaio Laliri, eta horri aurre egin bitartean, irudi erlijiosoen lapurren talde batean sartuko da». La Quimera italiarraren atzealde bera partekatzen duen arren, dramatik gertuago dirudi, errealismo magikotik baino. Gurreak bere aurreko filma Suro (2022) Zinemaldian aurkeztu zuen baita ere. Irizar eta Fipresci sariak eskuratu zituen orduan, baita euskal gidoigileen elkarteak emandako saria ere.
Euskara, Urrezko Maskorretik kanpo
Sacamantecas da Sail Ofizialean lehiatik kanpo dagoen beste euskarazko bi filmetako bat. David Perez Sañudok sinatua –lehendik Zinemaldian izan da Ane (Zuzendari Berriak, 2020) eta Azken Erromantikoak (Zuzendari Berriak, 2024) filmekin–, eta Tabakaleran eraman zuen aurrera bere lehen proiektua Ikusmira Berriaki esker.
Oraingo honetan, Arabako Sacamantecas hiltzailearen historia ekarri du pantaila handira. Jakina da, Juan Diaz de Garaio (1821-1881) 13 eta 55 urteko sei emakume bortxatu eta erailtzeaz akusatu zutela 1870eko hamarkadan. Haurrak beldurtzeko erabili da ordutik haren izengoitia. Aktore nagusiak Antonio de la Torre eta Patricia Lopez Arnaiz dira, eta tartean da Josean Bengoetxea donostiarra.
Euskara hutsez izango den Zinemaldiko film bakarra –Go!azen-en emanaldia kenduta–, Koldo Almandoz donostiarrak zuzenduriko Azken Agurra izango da –hau ere lehiaketatik kanpo–. Iaz Zeru Ahoak telesaila aurkeztu eta gero, aurten, «umore beltzeko» trama batekin dator: hileta laikoen jabe mozkor eta patetikoa 25 urte gazteagoa den neskaz maitemintzen da. Iñigo Azpitarte eta Izaro Nieto protagonista dituen film honek, euskal zineman ohikoak diren mugak apurtuko dituela dirudi.
Donostiarrak beste sailetan
Gemma Gonzalez donostiarraren lehenengo filma, handiegia ez den arren, ikuslearengan arrastoa uzteko itxura du. Las hijas del mar-ek Jeju uharteko (Hego Kore) eta euskal kostaldeko emakumeak lotzen ditu, bi eskualde urrunen arteko zubia eraikiz, emakume horiek itsasoarekin eta lanbide tradizionalekin (haenyeo urpekariak, saregileak, batelariak) duten harreman estuaren bidez.
Egiako Ametzagaña kalean egoitza duen Sr & Sra ekoiztetxeak sinatzen du, Atresmediarekin batera, Aritz Moreno donostiarraren Karateka. Belodromoko emanaldi berezien artean estreinatuko da Sandra Sanchez Espainiako karate borrokalariaren bizitza inspirazio duen fikzio lana. Ander Merino donostiarrak sinatzen du, baita ere, belodromoan estreinatuko den FM 40 tour dokumentala, Fermin Muguruzarekin batera. [Elkarrizketa 18. eta 19. orrialdeetan].
Bestalde, Iñigo Puerta eta David Taberna kazetari donostiarrek, Izarrak filma aurkeztuko dute Basque Culinary sailean. Donostia eta euskal gastronomia berria ardatz duen dokumentala da honakoa eta El Diario Vasco-ren ekoizpena da.
Euskarazko filmak
Euskara hutsez film bakarra aipatu dugun arren, badira euskarazko beste ekoizpen interesgarriak ere. Elsa Oliarj-Ines zuzendari zuberotarrak Txakun Txakur aurkeztuko du, zortzi urtean zehar haur batzuekin grabaturiko fikzioa. Oskar Alegria Suescunek, aurten ere, Zabaltegin aurkeztuko du film berri bat. Hamalau gau, Jorge Oteizaren unibertsoaren baitan bidaia bat, Arantzazuko santutegian.
Hauek dira euskarazko beste lanak: Igor Legarretaren Inurri Itsuak, Aitor Arangurenen 300 haritz, Jabi Elortegiren Gatibu, agur esan barik eta Izaskun Arandiaren Irailak

