Zinemaldi baten bitakora | Bigarren alea
'La bola negra' filmeko irudi bat. Ideia ugari buruan darabiltzala egiten du lotarako bidea batek Zinemaldiko egunotan. Milaka irudi erretinan, tonaka esaldi belarrian. Guztiak bibrazio berezi bat sortzen du, bereziki hartzaile egon ohi garen maratoi zinema zale honetan. Atentzio arazoek ikasgelak, etxeak nahiz egunerokoak baldintzatzen dizkiguten garaiotan, zeinen interesgarria den ariketa zinematografikoa. Mugikorra patrikan utzi eta hartu ordu eta erdi, zinemagile batek ondutakoa tentuz, atentzioz, ikusi eta dastatzeko. Ahantzi kanpokoak, utzi arazoak arropazaindegian, hemen ez duzu eskaintzen zaizuna hartzea beste eginkizunik. Lo gutxiko bigarren gau horretan murgiltzera nindoala, larunbat frenetikoak –zenbat nabari den hasierako egunen indarra eta autografo bilatzaileen inpultso fetitxista utzitakoei errepasoa egiten nenbilen.
Eta ekingo diot gaurkoari atzetik aurrera. Festibalean gehien espero zen filma ikusi ahal izan bainuen Antzoki Zaharreko goialde erdi ezkutuan gaueko hamarrak paseak zirela. Javier Calvo eta Javier Ambrossi zuzendariek Canneseko jaialdi prestigiotsuan aurkeztutako La bola negra, azken hamarkadetako istorio homosexualei eskainitako erretaula barroko eta gehiegikeriaz josia. Behin zinta ikusita, batek ongi ulertzen du festibal frantseseko zuzendari Thierry Fremaux eta konpainiak bi espainiar gazteen azken alea aukeratu izana. Pelikula mardula da, ezbairik gabe. Aipatu gisan, amodio hilobiratuen, belaunaldiz belaunaldi transmititutako beldurren eta Espainiako gerra zibilaren baitan sortutako horma afektiboen baitako alegoria queer itzela da. Federico Garcia Lorca idazle granadarrak amaitu gabe utzi zuen La bola negra antzezlana du ardatz Guitarricadelafuente abeslariaren lehen aktore lana oparitzen digun pelikulak. Hiru denbora lerro –La bola negra beraren errepresentazioa, 1932an kokatua, 1937ko pasarteak nahiz gertuko 2017koak– nahasten zituela jakiteak sortzen zidan neure baitan horrelako kezka bat. Puzzle konplexuak bikain bat egiten maisua den Pedro Almodovarrek ekoitzia da pelikula, eta nabari zaie bi Javiei beraien erreferente denarekiko atxikimendu narratiboa.
Puzzle konplexuak bikain bat egiten maisua den Pedro Almodovarrek ekoitzia da pelikula, eta nabari zaie bi Javiei beraien erreferente denarekiko atxikimendu narratiboa
Sebastian gaztearen esnaera sexuala kontatzen digu zintak, 36ko gerran bando errepublikanokoa izanik atxilotzen duten Rafael Rodriguez Rapun zaintzea egokitzen zaiolarik honi. Tronpeta jotzailea dugu Sebastian, gizon sentikor eta ahula. Gerra ez da beraren habitat naturala. Rafaelen bular biluziak, bere izerdi arrastoek, Sebastianengan sortzen dutena bikain lotzen da La bola negra antzezlaneko protagonista den Carlosen istorioarekin. Lorcak idatzi eta bere literaturan esplizituki homosexuala den lehen pertsonaia dugu Carlos. Hura ere kasinoan epaitu egiten du garaiko gizarte atzerakoiak. Bola beltzek irudikatzen dute arbuiatze hori, hortik izenburua. Lana amaitu gabe utzi zuen Lorcak, esan gisan, eta Alberto Conejero autoreak La piedra oscura liburuan jaso zuen Rodriguez Rapunen istorioa. Izan ere, bera izan zen Lorcaren lana salbatzen saiatu zena. Ezin argumentua lerro gutxitan esplika, konplexua izanik. Produkzio aldetik oso jantzia den produktu bat begitandu ahal izan genuen. Jantziteria andana, musikaren presentzia erabatekoa, Penelope Cruz edo Glenn Close aktoresa handien parte hartzeak.
Guztiak loriatzen du agian barrokoegia den produktu bat. Sentimentalismora ere jo dezake momentu ugaritan. Egia da Lorcak bukatu gabe utzi zuen piezaren istorioa oso ongi josten dutela orainarekin eta desira antzuen erretratu mamitsuak eskaintzen dizkigula zintak. Hala ere, soinu bandaren etengabeko presentziak, amaierako mezu inplizituaren gehiegizko azpimarratzeak edo gidoian soma daitezkeen zenbait irregulartasunek, pelikularen indarra apur bat txirotzen dute. Ikusi beharreko filma da, hala ere. Momentu aparta asko ditu eta Lorcari nahiz zapaldutako sentimenduei eginiko omenaldi ondradua iruditzen zait.
Eguneko hiru pelikulek osatutako sandwich partikularraren erdian, Diego Luna mexikarraren laugarren filma: Ceniza en la boca. Beti diot aise interesgarriak zaizkidala Horizontes Latinos sailean aurkezten direnak
Horrekin eguna amaitu genuen, baina hasi Kursaalean hasi zen jardunaldia, Victor Hugoren Les Misérables nobela ezagunaren azken bertsioarekin. Fred Cavaye zuzendari frantsesak gidatzen du, kasuon, ia hiru orduko kontakizun hau. Superprodukzioen trazekin, iruditerian ezer ere ez aurreztuz, komertzialetik ugari duen lan bat eskaini zitzaigun Moneoren kubo nagusian. Ongiaren eta gaizkiaren arteko balantzan etengabe jostari dabiltzan pertsonaia miserableen kontakizuna, azken batean. Duenari kentzeak bigundu egiten al du lapurraren kulpa? Robin Hooden tankeran, hemen ere pobreenek klase sozialez igotzeko egin beharreko txikizioak azaltzen zaizkigu. Interpretazio txukunak oro har, igande arratsaldean sofan etzanda telebista kate jeneralista batean ikusi genezakeen lana borobiltzeko. Gogoangarritik gutxi, hemen.
Eta, azkenik, eguneko hiru pelikulek osatutako sandwich partikularraren erdian, Diego Luna mexikarraren laugarren filma: Ceniza en la boca. Beti diot aise interesgarriak zaizkidala Horizontes Latinos sailean aurkezten direnak. Oro har, pertsonaien gatazka sozial, familiar nahiz afektiboetan zentratu ohi dira filmok. Kasu honetan, Lunak pertsona migratzaileek harrera herrietan aurkitu ohi duten atmosfera erretratatzen digu. Gordina, beraz, pelikulan ikusten dena. Aurkezten zaizkigu bi anai-arreba: Lucila eta Diego. Beraien amak Mexikotik alde nola egiten duen ikusiz ekiten dio istorioak. Urte batzuk geroago, bi gazteek ere egingo dute ustezko etorkizun hobe horretarako bidaia. Madrilen ezarrita, bakoitza bere borroka pertsonalean barneratuta ikusten dugu. Amak bikotea topatu du eta seme-alabengandik urrunago atzematen dugu. Lucila alaba Bartzelonara joan ei da, familia kargak arintze aldera eta askatasuna, sexua eta lagunartea eskainiko dizkion hiri librearen bila. Diego anaiak, berriz, ez du bere burua aurkitzen; faltan botatzen du amona, jaioterria, pertenentzia zentzua. Anna Diaz protagonistaren lana azpimarratu beharrean gaude, bikain heltzen baitio filmaren pisuari. Dena utzita mugitzen denaren sufrikarioak, herrialde berrian aurkitutako zailtasunak eta humanitate askotan urriak modu gordinean erakusten dizkigu Lunak.
Oheratzerako, jarraitzen du buruak bueltaka.

