Zinemaldi baten bitakora | Hirugarren alea
'Cute' filmaren pasarte bat.Donostiako Zinemaldia Ari gara behatzen egunotan desirari loturiko istorio zenbait. Objektu gutiziatua da zinema bera ere, puntu batean voyeur kutsukoa. Pertenentziaz gureak ez diren bizitzetan irekitzen den sarrailaren beste aldetik agertzen da gure begirada aseezina. Horretxegatik du pedagogikotik ere ugari zineak, ertz horretatik iragazitako argi-ilunek geure jarrera propioak epaitzeko balio digutelako, finean. Ispilu joko bat, laugarren pareta eszeniko horren apurketa metaforikoa. Barkatuko didazue apur bat intentsu jartzen banaiz testuotan, gorputzari aspergarri zaizkion metrajeko minutuetan buruak planteatu ohi dizkidan diatriben sintesia besterik ez dira. Ez kezka, igande eguzkitsuak ere izan baitzuen arinetik, sendotasunez josiak zeuden lanen artean. Aspaldian ikusi gabeko lagunarekin kafetxoa, festibalaren glamourraz gozatzera etorri diren ezagunekin enkontrua eta beste. Horrek ere gehitzen die gatza eta piperra askotan tremendistak diren areto barruko paseei.
Izan ere, Zurriola parean guztia izozki eta eguzki printza bazen, arratsaldeko lehen pasean barnea zuri bilakatu zitzaigun. Sail Ofizialeko Garrat du váimmu pelikula suediarra pantailan. Zuriarena diot, pelikula eskandinaviarrak herrialdeko paraje eder askoak baliatzen dituelako; guztiak elur ezin zuriagoz estaliak. Hotza da bertan sumatzen dena, eta are hotzagoa protagonistaren begiradak ikuslegoari transmititu ziguna. Zinta geldoa, begiraden zinema isil eta barnerakoi horretan oinarritua. Kontua da, oreinak zaintzen dabiltzan familia tradizional bateko emakume kide batek zaintzaileen elkarteko kide izan nahi duela, beste guztien eskubide berberekin. Patriarkatu itzala da, ordea, animali zoragarri horien baitan osatua dutena. Emakumeak, mundu izotzezko horretan –klima zein giza atmosfera–, bere lekua topatzen dihardu, gizonezko batek bortizki bortxatzen duenean. Orduan, herria utzi eta hirira alde egiten du, arnas bila. Tradizioan oinarritutako bizitza hori utzi izana ulertzen ez dutenen aurrean, protagonistak bere mina sendatu nahi du. Digestio makalekoa izanagatik ere, film sendoa dela esango nuke, argazkilaritza eder batez hornitua –Suedia iparraldea bisitatzeke daukat– eta aktore nagusiaren lan bikainarekin.
Hotza da bertan sumatzen dena, eta are hotzagoa protagonistaren begiradak ikuslegoari transmititu ziguna. Zinta geldoa, begiraden zinema isil eta barnerakoi horretan oinarritua.
Desirena aipatu dut aitzinean, eguneko bigarren film txundigarriagatik, batez ere. New Directors sailean benetan gustatzen zaizkien gauzak programatzen dituztela entzun nion duela gutxi aurten bere azken edizioa duen Jose Luis Rebordinosi. Pelikula hau, Marlene Emile Lyngstaden Cute, ez zait harritzen zuzendaritzaren gustukoa gertatu izan. Ilunak dira bere terrenoak, egiazki. Aurkezten zaigu berrogei urteak paseak dituen gizon norvegiar bat. Eskandinaviatik ezin atera, uda betekoa zirudien igandean. Tipoa grisa da erabat. Bere adineko ama zaintzen dabil, bikotearekin duen harremana pikutara nola doan ikusten dugun bitartean. Pikutara bikotea, bai; baina kontua da, gizon horri libidoa bere bikotekideak baino, beronen alabak pizten diola. Hortxe mamia. Pedofiliaz, fetitxismoaz eta noski desiraz dihardu zinta handi honek. Irudi lezake gaiaren nondik norakoak jakinda, pelikula erotiko baten parean geundela. Ezta gutxiago ere, eszena esplizituagoak egon arren, oso modu neurtu eta finean barneratzen da zuzendaria ozeano sakon horietan.
Esango nuke hortxe dagoela zintaren meritua. Azpiko testuan sumatu daitezkeen gauzetan. Eguneroko egoeretan ikusten ditugu gizonaren inpultso sexual indartsuenak. Izan izozki bat irensten, hortzetako eskuilari eragiten edota maitale duenari azala bainuontzian garbitzen. Gizon horrek, izan ere, aplikazio zenbaitetan bere gorputzaren irudi zein bideoak saltzen diharduen emakume batekin egiten du topo, maitale edo gisako zerbait bihurtzen delarik. Lehen aipatutako gai mamitsuei gehitzen zaizkie hor egun hain presente ditugun gorputzen merkantilizazioa, sareko aplikazioetan topatzen diren putzuak, etab. Entzuna dut iaz Urrezko Maskorra irabazi zuen Alauda Ruiz de Azua ere badabilela Onlyfans eta gisako plataformei buruzko zerbait ondu nahian. Desira frustratuen, amodioaren eta obsesioaren arteko langen eta giza miserien koadroa itzela den Cute hau begitandu beharko luke.
Gizon horrek, izan ere, aplikazio zenbaitetan bere gorputzaren irudi zein bideoak saltzen diharduen emakume batekin egiten du topo, maitale edo gisako zerbait bihurtzen delarik.
Egunari orduak agortzen zitzaizkiola, Kursaaleko areto nagusira buelta. Antolakuntzak erreserbatu ohi du pase hau pelikularik distiratsuenentzat, edota aktoreen alfonbra ustez jendetsuenentzat. Aurten etxeko jende gutxi dugunez Sail Ofizialean –iaz Los domingos eta Maspalomas gaueko pasean aurkeztu ziren–, Alemaniako produkzio batek itxi zuen igandeko lehia. Krux, ataka alemaneraz. Horretantxe erakusten zaizkigu, Bigarren Mundu Gerra amaitzear dela, herri txiki bateko biztanleak. 1945ean, jende ugarik egin zuen bere buruaz beste guda hondarrean. Etorriko zenaz beldur, beraien aberriari eskainitako azken sakrifiziotzat jo zuten askok beren amaiera tristea. Pelikula horixe da, tentsioz betetako egun krudel horien kontakizun bat. Frontean hil zaion bikotearen kapera militarrarekin hasieran muntatzen duten fikziozko ezkontzak jarriko digu argumentua. Emakumea, dolu betean baina zuriz jantzia, bere gizon ei zenaren kaperarekin ezkontzeko prest. Baina, ezkondu al daiteke bat heriotzarekin?
Zeremonian, Fatherland poloniarrean egin gisan, Bachen Jesus bleibet meine Freude (Jesus, jarrai nire poza izaten) kantata entzuten da. Kasualitatea ote? Pelikula poloniarra aberriaren batasun utopikoaz ari zitzaigun eta hemen ere ideologiek pertsonengan sortu dezaketenaz ari zatzaizkigu. Zintaren meritu teknikoa oso aipagarria. Gidoi sendoa, aktore taldearen lan finak eta hausnarketarako abagune ugari. Noraino iritsi daiteke fanatismoa, jende arrunt eta gizajoa “tente hil ala makurtuta bizi” galdetzera heltzeko, herri ideia abstraktuaren izenean?
Desira, horixe inpultso zinematografiko oinarrizkoa.

