Ancient Settlers taldeak single eta abeslari berria aurkeztu ditu
Ancient Settlers boskote berritua.Ancient Settlers Donostiako Ancient Settlers taldeak Through the Ruins single berria estreinatu du Mylena Monaco abeslari berriarekin, formatu digitalean eta Scarlet Records diskoetxe italiarraren bidez.
Kanta beraien kabuz grabatu dute, eta Agustin Martinez taldeko gitarristak nahastu du bere Rockline Productions estudioan. Aldiz, Jens Bogren ezagunak masterizatu du Suediako Fascination Street Studios-etan.
Abesti berria aurkezteko, jarraian ikus dezakezuen bideoklipa estreinatu dute:
Monacori dagokionez, jatorri brasildarra-italiarra du eta Alemanian bizi da. Sinaya taldearen sortzaile eta abeslaria izan zen, eta horri esker da ezaguna. 2010etik Europan eta Hego Amerikan zehar nazioarteko hainbat biretan eta estudioko grabazioetan parte hartu du. Horrekin batera, Summer Breeze jaialdiaren Brasilgo lehen edizioan aritu zen, eta 2024an, Angra talde ezagunak Lisboan emandako kontzertuan gonbidatu berezi gisa aritu zen.
Single berriaren azala Jon Toussas ilustratzaileak egin du, aurretik beste lan batzuekin egin duten moduan. Konposizioaz, berriz, The Kraken Artworks arduratu da eta logo berria Dead Flag-ek egin du.
Ancient Settlers taldea Donostian (Gipuzkoa) sortu zuten 2020an, Carlos Chiesa-Estomba eta Herman Riera venezuelarrek. Death metal melodikoa jorratzen dute, bestelako eraginekin batera. Azken sei urteotan, musikari asko igaro dira bandatik, eta hau da egungo boskotea: Mylena Monaco (ahotsa), Carlos Chiesa Estomba (gitarra eta ahotsak), Agustin Martinez (gitarra), Enric Juan (baxua) eta Herman Riera (bateria).

