Etxegabetze enpresa bat Herrerako bizilagun bat kaleratzen saiatu da
Jose Elosegi Alkatearen hiribideko etxebizitza batean sartzen saiatu ziren desokupazio enpresa bateko kideak. Donostiako hainbat eragiletako kideek aurre egin zieten.Irutxuloko Hitza Desokupa Espainiako enpresa ultraeskuindar ezagunaren tankerako etxegabetze enpresa bat Donostian egon zen astelehen goizean (hilak 21), familia bat etxetik kaleratzen saiatzen. Zehazki, Herrerako Jose Elosegi Alkatearen etorbideko etxebizitza batera joan ziren, baina ez zuten lortu familia etxegabetzea, Donostiako hainbat gizarte eragiletako kideak bertaratu baitziren etxegabetze enpresako kideei aurre egitera.
Etxegabetzea gelditzera bertaratutako kideek IRUTXULOKO HITZAri azaldu diotenez, 09:00ak aldera iritsi ziren etxegabetze enpresako lau kide Herrerara, etxegabetu nahi zuten etxebizitzako atean “kolpeak joz” eta “mehatxuka”. Bizilagunek, ordea, ez zieten atea ireki, eta, goizean zehar, Donostiako hainbat eragiletako kideak bertaratu ziren, bizilagunak babestera eta kaleratzea gelditzera. Tentsio une batzuk ere egon ziren eta Ertzaintza ere bertaratu zen.
Eguerdirako, etxegabetze enpresakoek alde egin zuten, bizilagunak kaleratzea lortu gabe. Hain zuzen ere, etxegabetze saiakera ilegal eta bortitz horren aurrean, maizterrak salaketa jarri du, eta, etxe horretan bizitzen jarraituko du momentuz.

Jose Elosegi Alkatearen hiribideko etxebizitza batean sartzen saiatu ziren desokupazio enpresa bateko kideak. Ertzaintza bertaratu zen.Irutxuloko Hitza
Otsailean, Larratxon
Diskurtso eta indar ultraeskuindarrak Euskal Herrian zein nazioartean ugaritzen ari diren moduan, Desokupa etxegabetze enpresaren modukoak ere ugaritzen ari dira. Hain zuzen ere, Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan egon dira azkenaldian: besteak beste, otsailean, Larratxon bertan etxegabetze bat gauzatzen saiatu zen Desokupacyl enpresa, eta, ekainean, astebetean bi etxegabetze enpresa agertu ziren Irunen. Etxegabetze enpresa horietako kideak “jazarroi eskuadristak” direla salatu dute behin baino gehiagotan eragile antifaxistek.

