Kalapie: «Morlansko tuneleko lanak irtenbide eskasa izan dira»
Argiztapena ez dute konpondu Morlansko tunelean.Kalapie Kalapiek salatu du Morlansko tunelaren berritzeak gabezi eta zentzugabekeriak sortu dituela. Hala nola, oinezkoentzako ere ahalbidetu den tunelak, ez du oinezkoentzako sarbiderik: bidegorritik ibili behar dira oinezkoak. Txirrindularien elkarteak nabarmendu du udalak gehiago ez inbertitzeagatik eta gauzak ondo ez egiteagatik “irtenbide eskasak” aukeratzen dituela.
Oinezkoentzako ingurune “desatsegin eta ez seguru” bat dela gaineratu du elkarteak. Izan ere, argiteria ere ez da berritu tunelean –aurrekontu mugaketa medio–, nahiz eta hasiera batean hauek berritzea aurreikusia egon. Bestetik, tunelaren kanpoaldeko kartelak argi uzten duen moduan “tunelak ez du telefonia mugikorreko estaldurarik”, beraz bertatik ezin da deirik egin.
Ez hori bakarrik, elkarteak adierazi du paretetako grafiti zaharrak oraindik bertan daudela, nahiz eta batzuk erdi estaliak egon “instalatutako lona berriekin”. Tunela “nahiko zikin” eta hautsarekin dagoela ere salatu du kalapiek, eta irekieraren aurretik garbitu izan balute “jantziago” geldituko zela gaineratu du elkarteak.
Ondorioz, honako eskaerak luzatu dizkio udalari txirrindularien elkarteak: oinezkoentzako bidea sarbideetan ere osatzea, oinezkoek bidegorrria erabili behar ez dezaten; seinaleztapen bertikala “espazioaren benetako diseinuarekin koherentea” izatea –erdiko bidegorria eta alboetako espaloiak fisikoki bereizita badaude, elkarteak argudiatzen du seinaleztapenak bereizketa islatu behar duela–; eta azkenik, proiektuak modu eskasean konpontzea alde batera uztea eta obrak hasieratik “irizpide tekniko egokiegin egiteko beharrezkoa den inbertsioa” egitea.

