Txomiñeneko bigarren faseko etxebizitza guztiak babes publikokoak izatea proposatu du EH Bilduk
Martuteneko espetxea eraitsi ondoren abiatuko dute Txomin II fasea.Inaxio Esnaola Ostegunean, hilaren 24an, iraileko osoko bilkura egingo dute Donostiako Udaletxean, eta EH Bilduk erregistratu duen kontrolerako mozio baten berri eman du. Udal gobernuari eskatu diote Txomiñeneko bigarren fasean—Txomin II gisa ezaguna— dauden udalaren jabetzako lurrak Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko. “Azken helburua da Martuteneko kartzela zaharraren kanpoko perimetroan eraikitzen diren etxebizitza guztiak babes publikoko etxebizitza gisa kalifikatzea, bai babes sozialeko erregimenean, bai etxebizitza tasatu gisa”, azaldu dute.
EH Bilduk gogorarazi duenez, 2025eko martxoan, eremu horretan babes publikoko 400 etxebizitza eraikitzea adostu zuten Donostiako Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak. Ordea, Insaustiren adierazpen batzuen harira, kezkatuta daudela aitortu dute: “Etxebizitza libreak eraikitzearen alde agertu da alkatea, lursailak oso-osorik titulartasun publikokoak izan arren”.
Horiek horrela, osteguneko udalbatzarrean udal gobernuari eskatuko diote Jaurlaritzarekin negozia dezala “administrazio publikoek sustatzen dituzten etxebizitzak lehentasunez alokairura bideratu daitezen”. Era berean, errentak bizikidetza unitateen diru sarreretara egokitzea eskatuko dute, “modu horretan, etxebizitza eskuragarria izatea bermatzeko”.

