Zinemaldi baten bitakora | Laugarren alea
'Body of glass' filma.Zinemaldia Gorputzak sumatzen du jada zinema aretoetako eserleku ez beti erosoetan xahututako ordu kopurua gainean. Hor ibiltzen gara denok, eskuak non ezarriko, hanka zein modutan tolestuko. Albokoaren perfumeak –gainetik botatako kolonienak zein hain atsegin ez diren usain organikoagoenak– ere esperientziaren parte dira jada, Zinemaldiaren sauna partikularretan. Etorri ohi da noizean behin horrelako haize bolada bat, gorputz kiribildu horientzat freskagarri. Aipatua: nabari zaizkigula jada ikusitako dozenatik gorako pelikulak. Ekuatorera heltzear da festibala eta Sail Ofizialeko pelikula dezentek jada jaso dute publikoaren epaia, txalo beroago edo hotzagoen forman. Epaimahai ofizialak ere hortxe dirau, ostiralean zer erabakiko zain. Astelehen berriro eguzkitsuan –azken urteotako Zinemaldirik apartena, meteorologikoki– ahantzi genuen pasa den egunetako jende andana. Giro lasaiagoa jada, etxekoia, zinemaz gozatzen jarraitu ahal izateko.
Alemana, ingelesa eta frantsesa modu naturalean batzen zituen New Directors sekzioko pelikula batekin ekin nion, nahi baino beranduago, astelehenekoari. Aurreko egunean sail berdinean lehiatzen den Cute itzelaren oihartzunak buruan nerabiltzala, eseri nintzen jaialdiko eserlekurik komodoenetan, enetzat. Aipatu beharra da Kursaaleko bizkarralde motzeko aulkien edota Viktoria Eugeniako eserleku gogor eta zahar tankerakoen aldean, Principeko aretoetan aurkitzen duen ergonomia eskertu egiten duela batek. Erosotasunak erakar lezake loa, hori bai. Kasuon, Naëmi Ada zuzendariak gidatutako Body of glass ikustean, ez nuen eserlekuaren erabilera narkoleptikoa probatu. Izan ere, tentsioa patente duen pieza da honakoa. Lehen planoetan jada biolentzia ariketa garbia ikusten dugu protagonista bien artean. Gizon batek, dantza konpainia bateko zuzendaria berau, bere lantaldean dabilen dantzari emakume bat errepidearen erdian uzten du, hantxe, inora joan ezinik. Tratu txar mota ohikoa ei da. Ondoren zuzendariak jaso egiten du bere bikotekide ere badena, barkamen artean neskak modu barkabera berarekin etxeratzea onartzen duelarik.
Dantzaren eta artearen munduan, oro har, zuzendarien eta bere azpitik dauden aktore, dantzari edo bestelakoen artean sortzen diren botere erlazioei buruzko filma dela irudi zezakeen, lehen plano horien ostean konpainiaren entseguetako zenbait ikusten ditugula kontuan izanda. Kode horretan, bakoitza bere paperean: zuzendaria gainetik eta emakume dantzaria, behetik. Bizitza intimoan ere begitantzen ditugu, biolentzia inplizituz beteriko trukaketa berbal gordinean. Egoera erabat tenkatzen da neska fisikoki erasotzen duenean koreografoak. Ospitalean erasoak eragindako zauri bat sendatzera joanda dela, anai eta laguna bertan larri duten pertsona parea ezagutuko ditu protagonistak. Beraien istorioak ukitu egingo du neska eta bere erlaziotik ihes nola egin ez dakiela eta, bi erabaki hartuko ditu: batetik, bere bikote erasotzailea etxean bahitu egingo du, eskuak erradiadore bati lotuz eta ahoa itxiz; eta bestetik, ospitalean ezagutu eta gertuko laguna hil zaienei esango die bera zela hildakoaren neska laguna. Hor geruza ugari batzen dira, ez modurik txukunenean, segur aski. Izan ere, bikotearen barne arazoei, dolu betean den familia batek ezezagun batekin eratzen duen harremana gainjartzen zaie.
Minen baturan elkar topatzen dutela esan genezake. Bai bortizki erasoa jaso duen –psikologikoki bortxatua, justuki– dantzaria zein beraien lagun gaztea galdu duen jendartea. Neskak entzuna izan nahi du, orain artean ezagutu duen hartu-eman disfuntzionalaz haratagoko zerbait epelagoa aurkitu. Protagonistaren lana, kontzientziaz eta dramatismoz betea, erabat iruditu zitzaidan aipagarria. Formalki erabaki zenbait eztabaidagarriak iruditu zitzaizkidan arren, pelikulak mamia bazuela sentitu genuen ikusle ginenok. Narkoleptikotik gutxi.
Ricardo Darinen begiek jada Urumea alboko harri tzar parearen fatxada hartua zutela, itzuli nintzen faktoria honen epizentro den Kursaalera. Segi berriro ere gure bizkarrentzat tortura tresna diren eserleku horietara, dedio. Zenbat fisio lan izango ote duen batek baino gehiagok datorren astean. Latinoamerikara bidea, beste behin, hemen. Gazteriaren saria ere jokoan. Aipagarria gazte jendeak egunotan bular eta bizkar artean sartzen duen pelikula kopurua. Ikusten zaizkie, baina, poza eta irribarrea aurpegietan. Zinemaldia, poz eragile. Txilen, Pinochet behin hilda, 1990eko hamarkadan kokatutako istorioa aurkeztu zigun Manuela Martellik. Koprodukzioaren bidetik –Txile, Espainia, Estatu Batuak nahiz Mexiko– buruturiko zinta interesgarria zinez. Dramen bidetik genbiltzanean, astelehena ixteko suspense ukituak zituen thriller hipnotikoa. Argumentua honatx: herrialdeko mendialdean talde aleman bat ikusten dugu. Beraien artean bada eliteko eskian diharduen hamalau urteko neskato bat. Taldekideekin nahiz bere entrenatzaile denarekin, ez zaio feeling berezirik nabari.
Elur arteko giro horretan –eguraldi hoberena ari duenean, elur gehitxo ari da pantailan agertzen–, 8 bat urteko haur bat topatzen du mendiko hostal gisakoan. Haur honen begirada hipnotikoak gidatuko du ikuslegoa intrigaren bideetatik. Izan ere, egun batean, eskiatzaile gaztea desagertu egingo da. Konfidente zuen haurrak, orduan, protagonismo berezia bereganatzen du, hura baita neskatoak barnean zituen borroka eta gatazken ezagutza gehien duena. Agertzen da ama, bere alaba bilatzeko nahian. Nabari da pelikularen zati horretan, gizarte txiletarrak, diktadura eta trantsizioaren eraginak pairatuz, gatazkekiko izan zezakeen enpatia eskasia. Haurrari soilik axola zaio, ziurrenik, neskatoaren ongizatea.
Pelikula desberdina, tonuz nahiz mamiz. Argazkilaritzan, jantziterian nahiz gama kromatikoaren aukeraketan, erabaki txalogarri ugari, duela 35 urteko Txile hartan zinta modu sinesgarrian kokatzeko. Eta haurraren parte-hartzea, asaldatzaile bezain xehetasunez betea.
Bihar ekuatorea, eta Rebordinosen urtebetetzea. Tartarik ba ote?

