«Adimen Artifiziala herriaren zerbitzura» lelopean antolatu dute aurten Euskarabildua
Euskarabildua jaialdia 2022an, San Telmo Museoan. San Telmo Museoan egingo dute beste behin Euskarabildua jardunaldia, oraingoan, Adimen Artifiziala herriaren zerbitzura lelopean. Adimen Artifizialak lantzerako garaian ditugun “azpiegiturak, euskaratik sortutako ereduak eta datuak eta sortzen hasi diren aplikazioak” izango ditu hizpide jardunaldiak. Aurten, gainera, gogoeta bat bota du Euskarabilduak: “Nola lortu teknologia burujabetza algoritmoen aro honetan?”
Euskadiko erakunde eta enpresek geroz eta gehiago erabiltzen dute Adimen Artifiziala eta jardunaldian, horren harira, “herri bezala norantz goazen”, zer erabilera mota ematen zaion eta datuen kontrola nork duen galderak ere eztabaidatuko dira jardunaldian. Burujabetza garatzearen beharraz eta “Euskal Herriko ekosistema saretu eta elkartu” nahi ditu Euskarabilduak, Adimen Artifiziala ahalik eta modu etikoenean erabiltzeko, plataforma handiekiko menpekotasuna murrizteko eta teknologiaren eta datuen gaineko kontrola bakoitzak edukitzeko.
Egitarau osoa eta izen ematea haien webgunean daude.


