San Bartolomeko horma lorategi bertikal handi bihurtuko dute
Easo kaleko harrizko pareta eraldatzeko aurreproiektuaren aurkezpena, udaletxean.Donostiako Udala Donostiako Udalak San Bartolomeko horma lorategi bertikal bihurtzeko aurreproiektua aurkeztu du. Easo kaleko harrizko pareta “eraldatzea eta paisaian hobeto integratzea” da helburua. Gaur goizean aurkeztu dute, udaletxean. Lanen kostua milioi bat euro ingurukoa izango da.
Ane Oiarbide Tokiko Ekonomia eta Enpleguko zinegotziak azaldu duenez, proposamena aurten egindako bideragarritasun tekniko ekonomikoaren azterlan batean oinarritzen da. Azterlanak hormaren egitura baldintzak eta egungo konfigurazioan landaredia txertatzeko aukerak aztertu ditu. Txostenaren ondorioen arabera, hormak dituen mailakatzeek lorategi bertikal bat garatzeko aukera ematen dute, paramentuari egokitutako egitura horizontalen bidez.
“Hirian presentzia oso gogorra duen horma da. Jarduketa honekin, ordea, eraldatzeaz gain, natura txertatuko dugu hiriko ardatz nagusietako batean”, adierazi du Oiarbidek. Ildo horretan, azaldu du proposamenak hainbat zerrenda horizontal berde sortzea aurreikusten duela, hormak dituen mailakatzeak aprobetxatuz. “Landare ontziak metalezko azpiegitura batean integratuko dira, eta landare iraunkorrak eta hainbat espezie igokari konbinatuko dituzte; espezie horiek pixkanaka haziko dira paramentuaren gainean”, gaineratu du.
Landaredia garapen handieneko unean dagoenean, lorategi bertikalak 1.677 metro koadro inguruko landaredi azalera izango duela kalkulatzen du azterlanak. Sistema bizia denez, haren itxura urtean zehar aldatuz joango da, sasoi bakoitzaren arabera hostotasun, loraldi eta kolore maila desberdinak izango baititu. Hormaren beheko aldea, espaloiaren eta lehen mailakatzearen artekoa, libre geratuko da oinezkoen joan-etorrietan eragozpenik ez sortzeko.
Proiektuak, gainera, udalak 1917an horma honetarako proposatu zuen ideia bat berreskuratzen du. Oraingoan proposatutako irtenbidea, hala ere, egungo egitura, ingurumen eta mantentze eskakizunetara egokituta dago, San Bartolome herritarren plataformako bozeramaile Odon Elorzak azaldu duenez: “Tokiko ondare babestua eta Europan bakarra denez, plataformak bi urte daramatza jarduketa defendatzen”.
Ureztatze eta landaredia
Lorategiak berak, gainera, tantakako ureztatze sistema automatizatua izango duela aurreratu dute, eta sentsoreen bidez hainbat aldagai erregistratuko dira, hala nola eguzki esposizioa, prezipitazioak edo tenperatura. Horrela, ur ekarpena landarediaren beharretara egokitu eta optimizatu ahal izango da.
Irtenbideak mantentze programa espezifiko bat ere aurreikusten du. Programa horrek ureztatze sistemaren aldizkako gainbegiratzea eta landaredian egin beharreko jarduketak barne hartuko ditu, hala nola inausketak eta beharrezkoa denean landareak ordezkatzea. Konfigurazio modularrari esker, lorategiko elementuak banaka ere ordezkatu ahal izango dira, beharrezkoa izanez gero.
Bestalde, esku hartzea ez da lorategi bertikala instalatzera mugatuko. Proiektuak aukera emango du oraindik indartu gabe dagoen hormaren zatia egonkortzeko, aurretik beste tarte batzuetan egindako jarduketak osatuz.
Azterlan teknikoak iparraldeko eremuaren baldintza geoteknikoak aztertu ditu, eta beharrezkoa den euste sistema aurredimentsionatu du. Horretarako, hormaren dagoeneko egonkortutako zatian gauzatutakoaren antzeko ezaugarriak dituen irtenbidea planteatu da. Gainera, argiztapen apaingarriko sistema bat txertatzea aurreikusten da, gauez horma bera zein landaredi berria balioan jartzeko eta elementu horrek hiri paisaian duen presentzia indartzeko.
Ingurumen datuak
Gainera, ingurumen tenperatura eta airearen kutsadura bezalako parametroak neurtzeko sentsoreak instalatzea aurreikusi dute.. Horrela, hiriko gune honen portaerari buruzko datu jarraituak eskuratu eta Donostiako beste kokaleku batzuetan lortutako erregistroekin alderatu ahal izango dira.
Helburua datu serie bat izatea izango da, inguruneak epe ertain eta luzera izango duen bilakaera aztertzeko eta azpiegitura berde berriarekin lotutako portaera mikroklimatikoa eta ingurumen portaera aztertzeko. “Lorategi bertikal hau informazioa lortzeko gune bat ere izatea nahi dugu. Sentsoreek tenperatura eta airearen kalitatearekin lotutako hainbat parametro monitorizatzeko aukera emango digute, haien bilakaeraren jarraipena egiteko eta datuak Donostiako beste gune batzuetakoekin alderatzeko. Ingurumenaren ikuspegitik espazio berde berri hau nola jokatzen den neurtu, aztertu eta ezagutu nahi dugu”, nabarmendu Iñigo Garcia Mantentze eta Hiri Zerbitzuetako zinegotziak.
Mende bat geroago
Etorkizuneko eraldaketak, gainera, San Bartolomeren historiarekin lotura zuzena duela adierazi du udalak. Azterlana egiteko aztertutako dokumentazio historikoak jasotzen duenez, 1917an bertan proposatu zen horma honen estetika hobetzea, haren erlaitz edo mailakatzeetan lorategi zintzilikariak sortuz.
Jarduketa hura ez zen inoiz gauzatu eta, mende bat baino gehiago igaro ondoren, udalak ideia hori berreskuratzea proposatzen du, egungo egitura, ingurumen eta mantentze eskakizunetara egokitutako irtenbide garaikide baten bidez.
“Duela ehun urte baino gehiago jada imajinatu izana horma hau landarediz estalita bereziki polita da. Orain ideia hura XXI. mendeko irtenbide batekin berreskuratzeko aukera dugu: segurua, teknikoki bideragarria, monitorizatua eta Donostiarako azpiegitura berde berri gisa pentsatua”, esan du Garciak.


