Danny Boyleren ‘Ink’ izango da 74. Zinemaldiko film sorpresa
'Ink' izango da 74. Zinemaldiko film sorpresa.Donostia Zinemaldia Zinemaldiak argitu du 74. aldiko ezkutuko altxorra: Danny Boyle zinemagile britainiarrak zuzendutako Ink izango da aurtengo film sorpresa. Filma bihar, hilak 25, emango dute lehen aldiz, Viktoria Eugenia antzokian, 11:30ean.
Emanaldi hori akreditatutako pertsonentzat zein publiko orokorrarentzat izango da. Hurrengo egunean, hilaren 26an, bigarren proiekzio bat egingo dute 16:00etan, eta hitzordu horrek pizgarri berezia izango du: Danny Boyle zuzendaria bera bertan izango da, filma aurkezteko.
Boyle ez da izen berria Donostian. Zinemagileak Zuzendari Onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen bere lehen film luzearekin: Shallow Grave (1994). Urte batzuk geroago, bere lanik ikonikoenetako bat, Trainspotting (1996), Belodromoan programatu zuten, eta 2004an Incorrect@s atzerabegirakoan berreskuratu zuten (baita 2017ko bere sekuela ere).
Tradizio finkatua
Ink lanarekin, Zinemaldiak 2019an berreskuratu zuen ezusteko film bat aurkezteko ohitura arrakastatsuari eusten dio. Orduz geroztik, maila goreneko film luzeek bete dute ezkutuko tarte hori: Todd Phillipsen Joker (2019) eta Joker: Folie à Deux (2024), Abel Ferrararen Sportin’ Life (2020), Pablo Larraínen Spencer (2021), Andrew Dominiken Blonde (2022), David Fincherren The Killer (2023) eta Guillermo del Tororen Frankenstein (2025) izan dira aurreko edizioetako protagonistak.

