Herrerako pabiloietako bat hustu dute, 30 pertsona inguru kalean utziz
Herrerako pabiloietako bat hustu dute, 30 pertsona inguru kalean utziz.Beñat Parra Gaur goizean (hilak 24) gauzatu da Donostiako Herrera auzokoko Jolastokieta 4 helbidean kokatutako pabiloiaren hustuketa. Donostiako Hiritarron Harrera Sarearen arabera, 30 pertsonatik gora bizi ziren eraikin horretan. Iragan industrialeko Zardoya-Otis eremuko pabiloietako bat da hustu dutena.
09:00ak aldera Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu direnerako, ordea, pabiloia ia hutsik zegoen; izan ere, bertan jarraitzen zuten azken bizilagunak goizeko lehen orduan atera dira, agenteak iritsi baino lehen. Udaleko iturriek azaldu dutenez, ordea, hogei pertsona zeuden atzo beraien kontaketan, eta gaur lau egotea espero zuten; aldiz, Ertzaintza kaleratzea gauzatzera joan denean, lau horiek dagoeneko ez zeuden hor, udalaren arabera. Hala ere, Ertzaintza iritsi baino lehen, pertsona batzuk atera dira eraikinetik. Horiei, hala, gizarte zerbitzuek baliabideen bide bat eskaini diete, udal baliabideen bitartez.
Poliziak gunea itxi zinta batekin itxi ostean, segizio judiziala iritsi da, eraikina ofizialki ixteko. Eraikinaren inguruetan, Harrera Sareko, Kontseilu Sozialistako eta beste hainbat eragiletako 30 bat lagun bildu dira, kaleratzea salatu eta kaleratuak izan diren pertsonei beren babesa adierazteko.
Harrera Sareak zabaldutako informazioaren arabera, bizilagunei egun bat lehenago iritsi zitzaien kaleratzearen abisua, eta momentuz ez diete inolako etxebizitza alternatibarik eskaini. Elkarteak nabarmendu du pertsona horiek administrazio erregularizazio prozesuan daudela, eta gaur egun heziketa eta formakuntza ezberdinak egiten ari direla enplegu bat lortu eta bizitza proiektu autonomo bat eraikitzeko helburuarekin. Eraikinean bizi den pertsona batek hedabideei azaldu die, hain zuzen ere, lanean ibili izan dela, lan bila dabilela orain eta kalean gelditzen dela. Era berean, salatu dute Donostiak gero eta oztopo handiagoak jartzen dituela hirian bizi ahal izateko, bereziki ikasten eta aukera bat bilatzen ari direnen kasuan.
Ostegun honetako kaleratzearekin, hiru dira dagoeneko aurten Herrerako pabiloietan gauzatutako kaleratzeak: urtarrilean, 31 pertsona bizi ziren pabiloi bat hustu zuten; ekainean, Oxigrafen pabiloi zaharra hustu zuten, non dozena bat lagun bizi ziren eta, orain, beste 30 bat lagun zituen eremua hustu dute. Gogoratu behar da kale egoeran dauden 100 eta 200 lagun artean bizi direla iragan industrialeko eraikin horietan, baldintza txarretan. Era berean, Donostiako Udala 400 bat etxebizitza eraikitzekoa da eremu horretan, proiektuak auzotar ugariren kritikak jaso baditu ere.
Harrera Sarea, laguntza eske
Egoera honen aurrean, Harrera Sareko boluntarioak pabiloira gerturatu dira bizilagunekin egon eta haien beharrak identifikatzeko. Kaleratutako pertsonek lehen egunetako oinarrizko beharrei aurre egin ahal izateko, elkarteak premiazko laguntza eskaera egin du: kanpin dendak, mantak eta lo zakuak edota ekarpen ekonomikoak behar dituzte.
Laguntza eskaini nahi duten herritarrek Hiritarron Harrera Sarearekin harremanetan jar daitezke haien posta elektronikoaren (redacogidaciudadana@gmail.com) edo Instagram kontuaren bidez (@harrerasarea), eta ekarpen ekonomikoak Bizum (11372) edo ES09 3008 0203 8753 7763 5023 (Rural Kutxa) kontu korrontearen bidez egin ditzakete.

30 bat pertsona bertaratu dira Herrerako pabiloien eremura, kaleratu dituzten pertsonei babesa adieraztera.Beñat Parra
“Etxeko lanak egin gabe”
EH Bilduren udal taldeak kaleratzearen inguruko “zenbait galdera eta hausnarketa” jarri ditu mahai gainean. Alde batetik, oposizioko alderdiak azaldu duenez, “kaleratzearen agindua iritsiko zela aspalditik jakina bazen ere, beste behin, EAJ-PSEren udal gobernuak ez ditu etxeko lanak egin. Aurre ohartarazpenik jaso gabe egin da, izan ere bezperan jaso dute abisu judiziala Poliziaren partetik. Desalojoa Udaleko Gizarte sailaren aurre-lanik eta akonpainamendurik gabe egin da, eta egun batetik bestera haien lo egiteko lekua utzi behar izan dute 30 pertsonek. Orain ere, herri ekimenean ari diren pertsonak izan dira herritar hauek lagundu dituztenak”,
“Zertan gelditu da Aukerak programa gaur kale gorrian utzi dituzten pertsona horientzat?”, gaineratu du EH Bilduk: “Marketin kanpainez harago, irtenbide integralak eskatzen ditu egoera honek. Hitzartuta dauden aurrekontuak exekutatu, erakundeen arteko mahaietan erritmoa bizkortu eta elkarlan zintzoa bilatzea eskatzen dugu, betiere hirugarren sektorearekin eta herri ekimenarekin aliantzak sustatuz”.



