Herrerako Oxigraf pabiloian bizi ziren pertsonak kaleratu ditu Ertzaintzak
Udaleko iturrien arabera, bi pertsona kaleratu dituzte, nahiz eta gehiago egotea espero zuten. Epaitegiaren aginduz egin dute kaleratzea, eraikinaren jabeak eskatuta. Pabiloia hormatu egin dute ondoren.
Herrerako Oxigraf pabiloia hustu dute.Beñat Parra Ertzaintzak Herrerako Oxigraf pabiloi industrial zaharra hustu du ostiral goizean, bertan bizi ziren pertsonak kaleratuz. Zehazki, Donostiako Udaleko iturriek azaldu dutenez, kale egoeran dauden bi pertsona aterarazi dituzte pabiloi horretatik. Hori bera adierazi diote hedabide honi kaleratzean parte hartu duten poliziek. Epaitegiaren aginduz egin dute kaleratzeak, eraikinaren jabetzak eskatuta, udaleko iturrien arabera.
Udalak azaldu dutenez, orain arte, kale egoeran dauden “dozena bat” pertsona bizi ziren bertan, baina kaleratzera joan direnean, sei lagun egotea aurreikusten zuten. Aldiz, horietako lauk gauean utzi dute eraikina eta, beraz, bi pertsona kaleratu dituzte goizean. Ertzaintzak gidatu du operazioa, Udaltzaingoaren laguntzarekin. Kaleratzea amaitu ostean, pabiloia hormatu egin dute.
Eremu degradatua
Gogoratu behar da Zardoya-Otis eremuaren ondoan dagoen pabiloia dela Oxigraf, eta Herrerako iragan industrialeko eremu degradatuaren parte da. Jakina denez, Zardoya-Otis eremuko beste pabiloietan kale egoeran dauden ehundik gora pertsona bizi dira eta horiek laster kaleratzekoak dira, baita ere. Izan ere, Zardoya-Otis eremuan 400 etxebizitza inguru eraiki nahi ditu udalak.
Joan den astean, beste kaleratze bat egin zuten inguru horretan, zazpi pertsona kaleratu baitzituzten Jolastokietako eraikin batetik. Era berean, urtarrilean, Zardoya eremuko pabiloietako bat hustu zuten, non 31 pertsona bizi ziren.



