Zubietak II. Errebote Eguna ospatuko du urriaren 3ko eta 4ko asteburuan
Zubietako errebote-frontoia. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Urriaren 3an eta 4an II. Errebote Eguna ospatuko dute Zubietan, kirol hau ezagutzera eman eta bultzatzeko helburuarekin. Egitaraua larunbatean, urriak 3, abiatuko da 17:00etan, gazteen arteko Joko Garbi partidekin. Hauek amaitutakoan, bertaratzen direnek Joko Garbian jolasteko aukera irekia izango dute; bertan, xextoak eta pilotak probatzeko aukera egongo da, eta nork irakatsi ere izango dute, kirolera hurbildu nahi duen ororentzat.
Arratsaldea borobiltzeko, 19:30ean afari-merienda egingo dute, trikitilariek alaituta. Ondoren, 20:30ean, errebotearen xehetasunetan sakontzeko txanda izango da: Errebotea. Plaza-joko baten muina bideoa proiektatuko dute. Ikus-entzunezko horrek, Zubietako errebote partida baten testuinguruan, jokoa ulertzeko gako nagusiak biltzen ditu. Bideoaren ostean solasaldia irekiko dute, ikusleen zalantzak argitzeko.
Igandean, urriak 4, 10:30ean emango diote jarraipena festari, Enrike Abril txapelketako partida batekin. Partidaz gozatzeaz gain, ikusleentzat esperientzia aberasgarria izango da; izan ere, norgehiagoka ikusi bitartean, jokoari buruzko azalpenak emango dituzte ikusleen artean, horretan arituko direnen eskutik.

