«Arraza arrazakeria dagoelako existitzen da»
Bukatu berri diren Porrontxo jaietako arrazakeriaren aurkako protokoloa garatzen lagundu du Natalia Campos Gallardok. ‘Porrontxoetan eraso arrazistarik ez’ lelopean, erasorik jazoz gero laguntza eskaintzeko da.
Natalia Campos.Maddi Viana Orain bost urte bizi da Natalia Campos Gallardo (Santiago, Txile, 1992) Donostian, eta kafea hartu bitartean aitortu du beti izan duela gustuko herri mugimenduetan ibiltzea. Hala, Egian bizi zenean egindako lagun batekin hizketan, Porrontxoetan arrazakeriaren aurkako protokolo bat egiten ari zirela jakin, eta berak ere laguntzea erabaki zuen.
Protokoloak arrazakeria honela azaltzen du: «Pertsona bat arrazagatik, larruazalaren koloreagatik, jatorriagatik edo nazionalitateagatik diskriminatzen, umiliatzen edo baztertzen duen edozein ekintza edo tratu da». Camposek azaldu du arrazakeria banaketa soziokultural eta sozioekonomikoa egiteko dela, pertsona talde bati boterea emateko beste talde baten gainean.
Kafea hartu bitartean aitortu du Camposek beti izan duela gustuko herri mugimenduetan ibiltzea
Desberdina denarekiko gaur egun dagoen gorroto diskurtsoa indartsua dela salatu du Camposek. Horrela, indarkeria arrazistaren aurkako protokoloaren helburu nagusia eremu seguru bat sortzea da, eta edonork jaietaz gozatzeko aukera izatea. Hain zuzen ere, santiagotarrak azaldu du betidanik izan duela gizakiak talde bateko partaide izateko beharra, azken aldian, ordea, herritik edo herritarrengandik aldentzen denak molestatu dezake, Camposek azaldu duenez.
Erasoen aurrean
Horregatik, eta gertatu daitekeenari aurre egin ahal izateko, garatu dute eraso arrazisten aurkako protokoloa Egian. Alde batetik, protokoloak dei egiten die eraso bat jazotzean inguruan dauden pertsonei. Norbaitek eraso arrazista bat ikusiz gero, nahiz eta ez gerturatu –ezin edo nahi ez duelako–, abisua eman diezaion eraso arrazisten aurkako laguntza taldeari. Horretarako, ahalbidetu duten telefono zenbakira deitu edo, bestela, txosnagunean lanean dagoen edonorri azaldu diezaioke gertatutakoa –betiere erasoa larria ez bada, halako kasuetan 112 zenbakira deitzeko gomendioa ematen du protokoloak–. Telefono zenbakia egitarauaren liburuxkan ere agertzen da, eta gainera, txosnaguneetan ere idatzita egon zen, behar zuenak eskura eduki zezan.
Eraso bat pairatzen duenari laguntza bilatu dezan eskatu dute, txosnetan, tabernetan edo dendetan. Bestelako laguntza motaren bat behar badu –emozionala, psikologikoa, salaketa jartzeko edo osasun zentro batera joateko– eraso arrazisten aurkako laguntza taldearekin harremanetan jartzeko aukera dauka, lehen aipatutako telefono zenbakian –Porrontxo jaiek iraun duten artean 24 orduz egon da martxan–: «Protokoloak eraso baten aurrean laguntza eskaintzen dio pertsona arrazializatu bati. Baita ere, erasotzaileak festan edo gozatzen jarraitu ez dezan lortu nahi du», nabarmendu du Camposek.
«Protokoloak eraso baten aurrean laguntza eskaintzen dio pertsona arrazializatu bati»
Adierazpen bat zabaldu zuten jaien aurretik, bertan arrazakeria zer den azaltzen da, baita arraza zer den: «Arraza arrazakeria dagoelako existitzen da», Camposen hitzetan. Bestetik, egoera kultural, sozioekonomiko eta genero desberdina dutenen aurrean gaur egun dagoen botere egoera azaltzen zuen adierazpenak. Herritar guztientzako eskuragarri zegoela gaineratu du Camposek, baina batez ere belaunaldi gazteentzako. Haiengana erraz iristen direlako diskurtso segregatuak, eta «bizilagunengandik aldenduta ikus dezakezulako zure burua», Camposen hitzetan.
Lehen pausoak, iaz
Iaz, protokolo xumeago bat ere bazeukaten Porrontxo jaietan. Santiagotarrak aitortu du bera oraindik ez zela prozesuaren parte, eta ondorioz, ez dakiela zehazki zer jasotzen zuen. Badaki, baina, protokolo haren ondoren bilera anitz egin zirela, eta horietan hainbat gai jorratu zirela: arrazakeria, pertsona arrazializatuak eta haiek nola sentitzen diren, nola izan daitekeen egoera bat arrazista…
Protokoloak beste helburu bat ere baduela aipatu du: eraso kopurua zenbatzea. Jakin badakite erasoak gertatu direla, gertatutakoak entzundakoak dira; nolabaiteko erregistroa egin nahi dute, ordea: «Ahoz ahokoa dugu soilik, ez dago zenbatuta. Gertatu dira, bizitakoak daudelako eta kontatu duten pertsonak daudelako. Hori ezin da zenbatu, ordea», azaldu du Camposek.

Auzoko hainbat lekutan jarri zituzten banderolak, pertsona oro ongi etorria zela adierazteko.Maddi Viana
Egitasmoa beharretik sortu zela nabarmendu du Camposek, amorru handiko diskurtsoa dagoelako jatorri desberdina duten pertsonekiko eta, aurretik aipatu moduan, egoera bortitzak sortu izan direlako. «Ez dakit iaz edo aurretiko jairen batean izan zen, liskarraldi baten ondoren emandako erantzuna ez zela jazotakoarekin baliokidea», azaldu du. Beraz, badaezpadako neurri gisa eta jazotzen direnak zenbatzeko prestatu dute protokoloa.
Migratutako pertsona den heinean, beharrezkoa ikusten du Camposek halako protokolo bat egotea, eta ez jai giroan soilik, «arrazakeriaren inguruan esparru denetan hitz egin behar baita». Enpatia izateko, horrelako egoerak bizitzea ez dela beharrezkoa gaineratu du, eta berari gustatu izango litzaiokela halakorik eduki izan balu antzeko egoerak bizi izan zituenean; «jakitea sentimendu hori ez nuela nik soilik eduki», azaldu du.
Balorazioa
Izan ere, santiagotarrak egon daitezkeen eraso arrazista denak kontatu ahal izatea espero du; baita erasotzailea identifikatu ahal izatea ere, gertaera beste pertsona –ez arrazializatu– batekin jazo balitz ea berdin jokatuko lukeen jakiteko.
Nolabaiteko erregistroa egin nahi dute, ordea: «Ahoz ahokoa dugu soilik, ez dago zenbatuta»
Porrontxoak igarota, protokoloa garatu duen batzordeak adierazi du Egian protokoloak izan duen harrera positiboa izan dela, prebentzio neurri ona izan dela baieztatu du eta hura garatzen jarraituko dutela.
Hain zuzen ere, batzordeak honakoa argi izan du: atzetik talde bat egoteak erasoak gelditzeko esku hartzea erraztu du. Jendea esku hartzeko seguruago sentitzen da atzetik egoera kudeatu dezakeen talde bat dagoela baldin badaki. Era berean, helburua prozesua bera dela argi dute.
Batzordeak Irutxuloko Hitzari jakinarazi dionez bi abisu jaso dituzte ahalbidetutako telefono zenbakian. Deietako bat eraso bat jazotzea galarazi zutela jakinarazteko izan da eta beste abisua eraso bat jazo zelako. Deietatik at, beste gertakizun batzuen berri ere izan dute. Datorren asteetan balorazio osatuagoa argitaratuko dute, behin jazotako dena jaso eta baloratu ondoren.

Etxean bezalaxe
Donostian oso eroso sentitu dela aitortu du Natalia Campos Gallardok, “Egian, bereziki”. Bakoitzak bere ideiak izan ditzake eta halako onarpena izango du, haren ezaugarriak alde batera utzita. Santiagon bizi zenean, herri mugimenduetan ibiltzen zela aitortu du: «Espazio bat zegoen, non ni pertsona gisa moldatu nintzakeen, nire ideiak errepresaliarik gabe adieraz nitzakeen, inolako ondorio sozialik gabe».
Horren harira, Txilen Polizia maiz oldartzen dela kontatu du, baina ñabardura egin du: «Horrekin ez dut esan nahi hemen ez dagoenik». Hemen, jende asko zerbaitekin bat ez badator, manifestazioetara joan daitekeela aipatu du. Azaldu duenez, Txilen ere manifestatu zaitezke, «baina baliteke jipoitua izatea».
Herri mugimenduetan parte hartzea beti gustatu izan zaiola aitortu du, «gizarte moduan batzen gaituzten horietan». Campos beti dago halakoetan parte hartzeko irrikan, horregatik erabaki zuen Porrontxo jaietako protokolo antiarrazistan parte hartzea.
Kontatu duenez, taldean oso eroso sentitzen da, euskara ere ikasten ari da, eta horrek bileren ildoa jarraitzen lagundu dio, bilerak euskaraz egiten direlako. Batzuetan galdu egiten dela azaldu du, baina hori gertatzean, esandakoa berriz azaltzea eskatzeko arazorik ez duela ere aipatu du. Halaber, momenturen batean bilera gazteleraz izateko beharra ikusiko balu eta hala esango balie, bilera gazteleraz egiteko arazorik ez luketela izango kontatu du: «Oso gustura nago», nabarmendu du.


