'Las Hijas del Mar': Itsasoak elkartu dituen emakumeak
'Las Hijas del Mar' dokumentaleko fotograma bat.Zinemaldia Zinemira
Filma: Las Hijas del Mar (Itsasoaren Alabak)
Zuzendaria: Gemma Gonzalez Martinez (Donostia)
Dokumentalak Jeju irlako (Hego Korea) haenyeo-ak eta itsasoarekin lan egin duten Gipuzkoako emakumeak elkartzen ditu. Haenyeo-ak emakume urpekari korearrak dira. Taldean irteten dira beti arrantzara molusku, krustazeo eta itsaskien bila, besteak beste. Dokumentalak haien bizimodua erakusten du, haien artean duten elkartasuna; beti daude elkarrekin, baita itsasoan ez daudenean ere.
Haien artean sortzen den ahizpatasuna –anaitasun hitza testuinguru honetan ezin liteke erabili; bide batez, Euskaltzaindiak oraindik ez du onartu ahizpatasuna hitza– izugarrizkoa da. Batzuek mende erdia daramate haenyeo izaten, eta lehorrean mugitzea kostatzen zaien arren, uretara sartzerakoan inor baino azkarragoak eta trebeagoak dira.
Euskal emakumeek hitz egiterakoan dokumentalak erritmoa galtzen duen arren –argi dago zuzendariak islatu nahi duena, baina ez du guztiz pantailaratzea lortu–, ezin uka daiteke euskal emakumeek itsasoarekin izan duten harremana. Nerea Intxausti kazetariak ederki azaltzen du: batelariak –garaiko gizonezko dirudunen hitzetan– emakume eder eta lirainak ziren, noizean behin lan egiten zutenak; batelariek, ordea, lan askoz gehiago egiten zuten. Itsasontziei Pasaiako portuan haiek laguntzen zieten sartzen, haien ontziari itsasontzia lotu eta arraun eginaz.
Badute bi emakume taldeek halako berdintasun bat, biak izan direlako haien etxeetako ekonomia mantendu dutenak, itsasoan lan eginez.
Arrauna eta saregileak
Polita da, ikuspegi feminista batetik, halako ahizpatasunak islatzen dituen dokumentala ikustea. Hala eta guztiz ere, batelariak ez dira Euskal Herrian itsasoarekin lan egin duten bakarrak. Itsasoarekin, beste lankide bat izan daitekeelako itsasoa: errespetuz tratatu behar da, eta ezin zara izan gutiziatsua; itsasoa lagun izatetik etsaia izatera bizkor aldatu daitekeelako.
Hortxe galtzen du, nolabait, haria dokumentalak, euskal emakume denak sartu nahi izan ditu poltsa berdinean. Denek egin dute izugarrizko lana. Denek merezi dituzte aitortza eta baldintza duinak –eta gizonezkoei ematen dizkieten sari berdinak jasotzea–. Baina baliteke bakoitzak bere momentua izan balu, dokumental gehiagotan akaso, agian indar gehiago izango luke oraingoak.

