Plaza Berria hartuko du Gure Esku-ren 'Zazpi jauziz, herri bat' egitasmoak
'Zazpi jauziz, herri bat' egitasmoaren aurkezpena, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean.Gure Esku Urriaren 25ean, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan Zazpi jauzi dantzatzera deitu du Gure Esku-k, Zazpi jauzi, herri bat egitasmoa aurrera eramateko. Donostiako ekitaldia 12:00etan izango da, Parte Zaharreko Plaza Berrian. Gainerako hiriburuak dira Bilbo (Bizkaia), Gasteiz (Araba), Iruñea (Nafarroa), Baiona (Lapurdi), Donibane Garazi (Nafarroa Beherea) eta Maule (Zuberoa).
Atzo egin zuten egitasmoaren aurkezpena, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean. “Euskal Herriak nazio gisa jauzi bat egin behar duela aldarrikatuko dugu”, adierazi zuten Irati Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku-ko bozeramaileek. Hain zuzen ere, Gure Esku duela hamahiru urte sortu zela gogorarazi zuten, Euskal Herriaren herri izaera eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko.
Orain, “herria erakusteko eta eraikitzeko”, herritarrak dantzatzera gonbidatu nahi dituzte: “Dantza ez da soilik adierazpen kultural bat; herri memoria transmititzeko eta komunitatea eraikitzeko tresna bat ere bada. Plazan dantzatzea elkarrekin agertzea da, gorputzen bidez herri bat garela erakustea, belaunaldien arteko lotura eta lurraldeen arteko harremana biziberritzea. Euskal Herrian dantza gure identitateari eusteko eta hura lantzeko bidea izan da”.
‘Zazpi jauzi’
Gure Esku-ko arduradunen hitzetan, Zazpi jauzi dantzak “balio sinboliko berezia” du: “Zazpi jauzi, zazpi herrialde; jauzia bera mugimendua da, erabakia da, etorkizunerako borondatea adierazten du”. Hori dela eta, Euskal Herriko zazpi lurraldeen arteko kohesioa sendotzea da urriaren 25eko helburua. “Gure nazio sena biziberritu behar dugu, eta burujabetza tresnak eskuratu, gure identitateari eta kulturari eusteko eta gure herritarren eskubideak babesteko eta zabaltzeko”, adierazi zuten atzoko aurkezpenean.

