Txomin II faseko etxebizitza guztiak babes publikokoak izatearen alde egin du udalbatzaren gehiengoak
EAJ eta PSE-EE gobernukideen arteko beste desadostasun bat erakutsi du EH Bilduren mozioak, EAJk aurka bozkatu baitu eta PSE-EEk alde.
Martuteneko espetxea eraitsi ondoren abiatuko dute Txomin II fasea.Inaxio Esnaola Txomiñeneko bigarren faseko etxebizitza guztiak babes publikokoak izateko eskatzen zuen mozioa aurrera atera zen udaletxean atzo (hilak 24) egin zuten iraileko udalbatzarrean. EH Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta alderdi horren, PSE-EEren eta Elkarrekin Donostiarekin botoekin onartu zen, EAJk eta PPk aurka bozkatu bazuten ere. Udalbatzarretan onartzen diren mozioak, hala ere, ez dira lotesleak.
Horren bidez, udalbatzak udal gobernuari eskatu dio Txomin II eremu publikoa —Martuteneko kartzela zaharraren kanpoko perimetroan dago— Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren esku uzteko, bertan eraikiko dituzten etxebizitza guztiak publikoak izan daitezen. Mozioak udal gobernuko bi alderdien arteko beste desadostasun bat azalerazi zuen, jeltzaleek aurka bozkatu baitzuten eta sozialistek alde; gogoratu behar da, hain zuzen ere, jeltzaleen esku dagoela Donostiako Udaleko Hirigintza atala eta sozialisten esku Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila.
EH Bildu pozik agertu da mozioa onartu izanagatik: “Udalbatza honen gehiengo aurrerakoiaren aldeko botoak jaso ostean. Gure eginbeharra eta ardura da herritarrei etxebizitza sarbidea bermatzea, eta horretarako tresna politika publikoak dira, ausartak, baina ez da nahikoa borondate politiko argi batekin batera ez badoaz”. Era berean, EAJren jarrera kritikatu du oposizioko taldeak: “EAJk eman duen ezezkoa kritikatzen dugu, bere botoak berriz ere PPkoekin batuz. Alkateak ordezkatzen duen alderdiak lur publikoetan etxebizitza librea eraikitzeko beharra defendatzen jarraitzen du, gehiengoaren behar sozialekin koherentea ez den eredua elikatuz, eta hiriko etxebizitza merkatuaren egoerarekin bat ez datorrena sustatuz”.
“Jon Insausti alkatea buru duen alderdiak zer egingo duen da orain planteatu behar dugun galdera”, gaineratu du EH Bilduk: “Gehiengoaren borondateari bide emango dion edo, aitzitik, alkateak duela gutxi adierazi zuen ideiarekin aurrera jarraituko duen: etxebizitzen tipologian nahasketa bat sortzea, etxebizitza librea ere eraikiz”.

