'Eman aukera elkarri', aurtengo mintzalagun kanpaina martxan da
Mintzapraktika saio bat.Beñat Parra Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea zabalik da dagoeneko. Bagera elkarteak Donostiako Udalaren babesarekin antolatzen duen programak euskara praktikatzeko guneak eskaintzen dizkie hizkuntza ikasten edo euskaraz gehiago aritu nahi dutenei. Aurtengo kanpainaren leloa Eman aukera elkarri da.
Egitasmoaren funtzionamendua sinplea da: euskara praktikatu nahi duen lagun talde bat astean behin elkartzen da, ordubetez, euskaraz aritzeko ohitura duen pertsona batekin. Helburua da euskararen erabilera eguneroko harremanetan sustatzea eta hiztunei hizkuntza erabiltzeko konfiantza ematea. Mintzalaguna ez dago kafetegiko elkarrizketetara mugatuta. Taldeek hainbat jarduera uztar ditzakete euskararekin: Donostian barrena paseoak egitea, mendira joatea, korrika edo bizikletan aritzea, mahai-jokoetan jardutea edota kultur ekitaldietara joatea, besteak beste.
Donostian 300 lagunetik gora ari dira gaur egun egitasmoan, eta Euskal Herrian 8.000tik gora dira mintzapraktika ekimenetan parte hartzen dutenak. Bageraren arabera, egitasmoak berebiziko garrantzia du euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko tartea murrizteko.
Erabilerarako jauzia
Euskara ikasi duten baina egunerokoan erabiltzeko zailtasunak dituzten hiztunei praktikatzeko aukera eskaintzea da Mintzalagunaren helburu nagusietako bat. Talde txikietan eta ohiko giro batean aritzeak hiztunen segurtasuna handitzen eta euskaraz hitz egiteko beldurrak gainditzen lagun dezake.
Bagerak nabarmendu du, halaber, mintzapraktika egitasmoek ekarpena egiten diotela euskararen erabilera handitzeko erronkari. Euskararen erabileran aurrera egiteko beharra azpimarratu izan dute euskararen normalizazioan diharduten eragileek, eta horretarako tresna gisa aurkezten dira halako egitasmoak.
Mintzalagunean parte hartzeko, euskara praktikatu nahi dutenek gutxienez B1 maila gaindituta izatea eskatzen da. Laguntzaile izan nahi dutenek, berriz, euskaraz aritzeko ohitura izatea nahikoa dute; ez da titulurik behar.
30 euro ikasturte osorako
Bagera elkarteak Donostiako Udalarekin duen hitzarmenari esker, urritik ekainera bitarteko ikasturte osoan parte hartzeko 30 euroko ekarpena egin behar dute erabiltzaileek. Kerman Orbegozo Donostiako Udaleko Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontu Kudeaketa eta Euskarako zinegotzi ordezkariak udalaren babes ekonomikoa nabarmendu du. Haren esanetan, euskara ikasteko diru laguntzez gain, Udaleko Euskara Zerbitzuak hizkuntza praktikatzeko baliabideak ere eskaintzen ditu.
Egitasmoan parte hartzen duten euskarazko hiztunek ere zeregin garrantzitsua dute, Bageraren arabera. Boluntario gisa aritzen dira eta euskaraz praktikatu nahi duten pertsonekin elkartzen dira astean behin.
Izena Bageraren egoitzan eman daiteke, Hernani kaleko 15. zenbakian, edo elkartearen webgunean. Aurrez aurreko izen-ematea urriaren 16ra arte egongo da zabalik, eta online egiteko epea urriaren 18ra arte luzatuko da.

